argia.eus
INPRIMATU
Banco Santanderrek armagintzan eta genozidioan duen parte-hartzea salatzeko ekintza egin dute Azpeitian
  • Azpeitiko Elkar-ekin taldeak protesta ekintza egin du asteazken gauean. 1.000 kilo obra-hondakin utzi dituzte bankuko sarreran, hildakoak irudikatzeko panpinak jarri eta porlanez zikindu dute egoitza.

Axier Lopez @axierL 2025eko ekainaren 19a
Elkar-ekin

Delas Bakerako Ikerketa Zentruak –armagintzan eta gerran inbertitzen duten entitateen inguruko ikerketak argitaratzen dituen elkarteak– Banco Santander bankuak armagintzaren sektorean dituen inbertsio handiak azaldu ditu egindako azken lanetako batean. Txostenaren arabera, bankuak finantzatzen dituen zenbait enpresek lotura zuzena dute Israelekin, eta haien armak erabiltzen ari dira Gazako genozidioan.

Testuinguru horretan, Azpeitiko Elkar-ekin taldeak protesta ekintza egin du asteazken gauean, Banco Santanderrek Arana auzoan duen egoitzaren aurrean. 1.000 kilo obra-hondakin utzi dituzte bankuko sarreran, hildakoak irudikatzeko panpinak eta kartelak jarri eta kristalak zein kutxazain automatikoa porlanez zikindu dituzte.

Elkar-ekinek adierazi duenez, genozidioaren erantzukizuna ez da Israelen esku soilik geratzen; munduko gobernu askok, Europar Batasunak eta enpresa boteretsuek ere badute horretan ardura zuzena. Zentzu horretan, taldeak azpimarratu du garrantzitsua dela sionistekin kolaboratzen duten tokiko eragileen gaineko presioa areagotzea.

Azpeitiko herrian bertan dauden enpresa eta erakunde batzuek Israelekin kolaboratzen dutela salatu izan du aurrez ere Elkar-ekinek. Horregatik, genozidioak jarraitzen duen bitartean, ekintza eta salaketa publikoek etenik ez dutela izan behar azpimarratu dute.