Banatzaile handien inguruko hamar mito

  • Supermerkatu handien gehiengoak egiten dituzten abusuzko jardueren zerrenda egin du elsalmoncontracorriente.es webguneak. Hauek “merkatuan duten pribilegiodun posizioa” erabiltzen dute jarduerak aurrera eramateko, Luis Azorín egilearen ustez.


2017ko urtarrilaren 23an - 12:32
Juan Roig, Mercadonako zuzendari exekutiboa

Enpresa hauek hipermerkatu handiak eta auzoetako denda txikiagoak dituzte. Egun Espainiako Estatuko elikagai-banaketaren %75 zazpi enpresak kontrolatzen dute: Mercadona, Alcampo, El Corte Inglés, Eroski, Euromagi eta Iffa.

Ondorengo lerroetan enpresa hauen inguruan dauden baieztapen, sinesmen eta onuren analisia egingo da, hamar puntutan:

1-Banatzaile handiak merkeak dira

Produktuen eskari handiago bat egiten dutenez, merkeago erosten dituzte. Horrek salmenta prezioetan eragin zuzena eduki beharko luke, baina ez da hala. Kontsumitzaileen erakundeek egindako hainbat ikerketen arabera erlazio hori ez da hain zuzena, enpresa desberdinek produktu berdinetan dituzten prezio desorekak kontuan hartuta. Hauek hainbat produktu erabiltzen dituzte kako gisa erosleak erakartzeko, baina beste hainbat produktutan komertzio txikiek baino prezio altuagoak dituzte. Orokorrean merkeagoak diren arren, baliteke kasu konkretuetan hala ez izatea.

Horri hipermerkatuen barneko musika, erlojurik ez egotea, produktuen kokapena eta beste hainbat faktore gehitu behar zaizkio. Hauek kontsumitzailea beharrezkoa baino %20 gehiago erostera eramaten dute.

2-Banatzaile handiek lanpostuak sortzen dituzte

Hauen irekierak lanpostuak sortzen dituen arren, komertzio txikien itxiera dakar. 1998. eta 2004. urteen artean hauen inguruan kokatutako dendak 95.000 izatetik 25.000 izatera igaro ziren Espainiako Estatuan. Hainbat ikerketen arabera, banatzaile handiek sortzen duten lanpostu bakoitzeko bat eta erdi galtzen dira komertzio txikietan. Horrez gain, aberastasuna esku gutxi batzuetan pilatzea dakar.

3-Banatzaile handiak erosoak dira dituzten ordutegi zabalengatik

Orain arte astean zehar eta larunbat goizetan irekitzen zuten dendetan egin badira erosketak, beharrezkoak dira ordutegi zabalagoak?

Ordutegien mugaketak komertzio txikien aldeko erabakiak izan dira. Hauek ezin baitute ordutegi zabalagoa eskaini dituzten lanpostu kopuruekin. Ordutegi zabalketen alde egin dute Autonomia Erkidegoek lanpostu gehiagoren sorreraren aldeko apustua justifikatu dute. Aurretik azaldu bezala, ordea, sortu baino gehiago suntsitzen dituzte.

4-Banatzaile handiek deskontuak egiten dizkiete euren bezeroei

Enpresek fideltasun txartelak eskaini ohi dituzte, hauen bidez deskontu eta opariak eskainiz. Kontuan izan behar da eskaintza hauek bezero gutxien egoten diren egunetarako direla baliogarri, edo iraungi daitezkeen produktuetan. Halere, ongi ateratzen zaie, txartel hauen bidez, merkatuaren ikerketak egiten baitituzte.

5-Banatzaile handiak azkarrak dira

Hala uste da produktuak zuk zeuk hartu behar dituzulako, ilararik itxaron gabe. Halere, kontuan izan behar da bertara autoan joateko denbora edo produktu guztiak hartzeko behar dena. Are gehiago kontsumoa handitzeko eginda daudela kontuan izanda. Ondoren, normalean ilarak itxaron behar dira ordaintzeko, langile kopurua beharrezko gutxiengoa baita.

6-Banatzaile handiek aniztasun handia dute

Aniztasun horren baitan kontuan izan behar da produktu horiek sektoreko 3 edo 4 multinazionalen marka desberdinak izan daitezkeela. Produktu freskoetan ez da berdin gertatzen, hauen aniztasuna askoz txikiagoa da. Horrek, adibidez, nekazariak fruta edo barazki mota zehatz batzuk landatzera behartzen ditu.

Bestalde, Mercadona fenomenoak marka zurien gorakada eragin du, gainontzeko marken eskaintza gutxituz.

7-Banatzaile handiek bertako produktuak saltzen dituzte

Marketing era bat da. Produktu hauei lekutxo bat eskaintzen diete bezeroei lurraldera lotuak daudela pentsarazteko.

8-Banatzaile handiek jarduera jasangarriak sustatzen dituzte

Enpresa batzuk ingurumenaren aldeko jarduerak egiten dituzte: plastikozko poltsen erabilera murriztu, pilak jaso… Hauek ere marketing estrategia baten zati dira, bezeroen aurrean itxura hobea emateko, ingurumenaren aldekoa. Negozio era hau, ordea, ez da batere ekologikoa:

-Ez da bertako jatorria duten produktuen erosketa sustatzen. Hainbat fruta edo barazki beste kontinente batzuetatik ekarriak dira.

-Produktuek ontziratzeko plastiko edo kartoi gehiegi izaten dituzte.

-Hipermerkatuek autoaren erabilera ezinbestekoa den merkataritza sustatzen dute.

-Gehiegizko gastu energetikoa izaten dute.

- Zakarretan amaitzen duten produktu kantitate handia sortzen dute.

9-Banatzaile handiak solidarioak dira, alimentu bankuekin kolaboratzen dutelako

Irudi korporatiboa garbitzeko era bat da, inoiz ez baitute anonimoki egiten. Bestalde, iraungitzear dauden produktuak gainetik kendu eta dohaintzengatik desgrabazio fiskalak lortzeko erabiltzen dute.

10-Banatzaile handiek produktu ekologikoak saltzen dituzte

Etiketa hauek daramatzaten produktuak saltzen dituzte bezero kopurua handitzeko, zeliakoentzako produktuak saltzen dituzten bezala. Etiketatze horrek, ordea, produkzio sistemari bakarrik eragiten dio. Ekologikoa da hala ekoiztu den produktu bat, komertzializatzen duen enpresak ingurumenarekiko errespeturik ez badu?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Elikadura
2024-03-20 | ARGIA
Jasangarritasunaren Euskal Azokak hamargarren edizioa egingo du asteburuan Durangon

Berdeago Azoka egingo dute martxoaren 22tik 24ra, Durangoko Landako Gunean. Energia-eraginkortasunaz eta kontsumo arduratsuaz kontzientziatzeko helburua du Jasangarritasunaren Euskal Azokak, ingurumena babesteko irtenbideak tarteko.


1.300 urtez, elkarrekin lurra landu eta bizi

Gaubea haranean, Tobillas herriaren alboan, Serna deitzen dioten nekazaritzarako lursail bat dago. Baina ez da baratze soil bat: historiak eta arkeologiak diote 1.300 urteko bizia duela eremu horrek. Herritarren langintza kolektibo baten emaitza izateaz gain, parada ematen du... [+]


Opari ederra Bruselak transgeniko ekoizleei: bukatu dira orain arteko kontrolak

Agroindustriaren alde doan erabaki garrantzitsua hartu zuen Europako Batzordeak otsailaren 7an: NBT New Breeding Techniques teknikaren bidez genetika moldaturik duten haziak ez ditu transgeniko gisa sailkatuko. Hori horrela, transgenikoei orain arte egindako kontrol, segipen eta... [+]


2024-03-03 | Garazi Zabaleta
Azokoop
Pirinioetako Artzibarren lan eta bizi: hurbileko kontsumorako denda eta proiektua

Artzibarko Urdirotz herrian, Nafarroako Pirinioetan, proiektu berri batek zabaldu ditu ateak otsailaren 24an. "Azoka-Denda" deitu diote Txabi Bados Ruizek eta Rita Perandrés Martínezek haien etxe azpian ireki duten dendatxoari. Azokoop mikrokooperatibaren... [+]


Eguneraketa berriak daude