argia.eus
INPRIMATU
Balkoiak

Aritz Galarraga 2020ko martxoaren 30

Krabelinen, irribarreen –ejem–, sardinen iraultzak egon diren bezalaxe, orain bizi dugun hau iraultza bat balitz, eta ez pandemia, deituko litzateke balkoien iraultza. Jendea kalera atera ezin eta balkoiak bilakatu dira arnasgune, topaleku, are askotariko astakeriak gauzatzeko toki ere. Badakit denak ez direla balkoi, badirela metro karratu gutxi batzuetako luxu hori ez daukatenak, belardi, lore, frutarbolaren baten itzal gozoa daukatenak badiren bezala. Baina balkoiek hartu dute itxieraren, birusaren, gaurko mundu azeleratu honen kontrako sinbolo forma. Gure balkoi estuan, luze gabe, eguzki pizar bat hartu, bizilagunekin gorabehera errepikakorrak partekatu, egunero ordu berean saxofoia jotzen duen tipoaren musikaz gozatu dugu –baita hirugarren egunetik aurrera saxofoijolea bera madarikatu ere–. Eta, noski, esku-zartak jo ditugu osasun langileen omenez, etxean itxita dauzkagun haurren omenez, auskalo zenbat gauza ezezagunen omenez. Bada, ordea, balkoiak bestelako ekintza efektiboagoetarako erabiltzen dituen hiritar eredugarririk: norbere baitako polizia atera eta kaletik dabiltzan oinezkoei kargu hartzeko, iraintzeko, adibidez. Eta ez dakit okerrago ez ote garen aterako, gizarte gisa, esperientzia eraldatzaile beharko lukeen honetatik.

Balkoitik, halaber, hitz egiten dut tarteka urrun ditudan, baina gertu sentitzen ditudan adiskideekin. Gaur Santi Leonerekin aritu naiz, eta esplikatu dit bere etxe pareko plazan, arratsetako txaloen ondotik, norbaitek musika jartzen zuela egunero, 30-40 minutuz. Bart bi abesti bertzerik ez du paratu, eta jendea iraintzen aritu zaio, oihuka, gehiago nahiz. Esandakoa, ez dakit nola aterako garen balkoien iraultza honetatik. Niri, bitartean, Leone adiskideari bezala, eguneroko txaloek tristura mugagabea eragiten didate, eta ez dakit zergatik.