argia.eus
INPRIMATU
Balkanguard desokupazio-enpresak familia bat etxegabetu nahi du Lizarran
  • Etxegabetze estrajudizial bat emateko berehalako arriskuan aurkitzen da Lizarrako Etxebizitza Sindikatuarekin antolatuta dagoen familia bat. Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu duenez, azken urteetan enpresa horien jarduna areagotzen ari da, “faxismoaren behar gero eta handiagoa dutelako jabedunek".

Izaro Villarreal Lauroba 2023ko urriaren 24a
Argazkia: Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista

Beste desokupazio-enpresa baten jardunaren berri eman du Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Oraingoan, Balkanguard enpresa ari da familia bat etxegabetu nahian, Lizarran (Nafarroa). Hainbat urte daramatza familiak alokairuan bizitzen, baina gaur gaurkoz jabeak handik kanporatu nahi ditu, eta horretarako desokupazio-enpresa batengana jo du. “Etxegabetze estrajudizial bat emateko berehalako arrisku baten aurrean gaude”, salatu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak.

Azken asteotan hasi da familia etxetik alde egiteko enpresaren presioa jasaten. Mezuak eta deiak jasotzeaz gain, atarira bertaratu ziren Balkanguardeko bi matoi: mehatxu egin zieten kaleratze arriskuan dauden bizilagunei eta agiri bat sinatzera behartu nahi izan zituzten. Antza, agiri hori sinatuta, etxea uzteko konpromisoa hartuko lukete.

“Legea heltzen ez den lekuetara heltzen da enpresa hauen indarra”, dio Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Salatu du azken urteotan enpresa horien jarduna areagotzeaz gain, jabeek “nahieran” kaleratzen dituztela maizterrak: etxebizitzak salgai jartzeko, maizterrak aldatu eta prezioak igo ahal izateko... “Enpresa faxista hauen jarduna irabaziak metatzeko beste tresna bat den heinean, administrazioek, indar polizialek eta botere judizialek ez diote oztoporik jartzen euren jardunari”, azpimarratu dute.

Orain gutxi, iragan irailean, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jakinarazi zuen beste desokupazio-enpresa baten jazarpena ari zela pairatzen familia bat Gasteizen.

Batzarra

Enpresa horiei aurre egiteko konpromisoan berretsi dira sindikatuko kideak. Eta dei egin diete jazarpena jasaten duten herritarrei sindikatuarekin harremanetan jartzera. “Desokupazio enpresei aurre egiteko Autodefentsa Sozialista antolatzea ezinbestekoa da”, gaineratu dute.

Lizarrako Kontseilu Sozialistak batzar bat egingo du ostiral honetan, aipatutako familia bizitzen ari den egoeraren berri eman eta horren gainean hausnartzeko. Sugarra Gaztetxean izango da bilkura, urriaren 27an, 19:00etan.