argia.eus
INPRIMATU
Analisia
Baliteke arratoiak genozidioaren itsasontzitik alde egiten hasi izana
  • Urtebete eta erdiz sarraski genozidak gauzatu ondoren, Erresuma Batuko zenbait hedabidetako kontseilu editorialek hitza hartu dute, bat-batean, Israel Gazan egiten den sarraskiaren aurka. Establishmenteko gizatxar mediatikoek aldaketa usaina hartu diote haizeari.

Caitlin Johnstone 2025eko ekainaren 04a

Lehen euri tanta The Financial Timesen eskutik heldu zen, “Mendebaldearen isiltasun lotsagarria, Gazari dagokionean” izeneko artikulu batean; kontseilu editorialak sinatzen zuen artikulua. Bertan, AEBei eta Europari aurpegiratzen zien “kondena hitz bakar bat ere” esan ez izana euren aliatuaren inguruan; gehitu zuten “beren isiltasunaz lotsatu” beharko luketela, “eta Netanyahuri inpunitatez aritzen uzteari utzi”.

Gerora etorri zen The Economist, “Gazako gerrak amaiera behar du” izeneko artikuluarekin. Bertan, argudiatu zuen Trumpek Netanyahuren erregimenari presioa egin behar ziola su-eten bat lortzeko: “Gerra mantentzetik onura ateratzen dute bakarrik Netanyahuk -zeinak bere koalizioa bere horretan mantentzen duen- eta bere eskuin muturreko aliatuek, Gaza hustu eta bertan kokalekuak eraikitzearekin amets egiten baitute”.

The Independenten editorial bat ere heldu zen “Amaitu dezagun Gazako isiltasun burrunbatsuarekin: ahotsa altxatzeko ordua da”, titulupean. Bertan zioen Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak “lotsatu” egin beharko lukeela gaiaren inguruan ezer esan ez izanaz, “batez ere orain, Netanyahuk Gazako bonbardaketak areagotzeko planak jakinarazi dituenean”. Gehitu zuen: “Bada garaia mundua esnatu dadin, gertatzen ari dena ikusi dezan eta kokalekuan harrapatuta dauden palestinarren sufrimenduaren amaiera eska dezan”.

The Guardianeko kontseilu editoriala ere batu zen, “The Guardianen iritzia Israel eta Gazaren inguruan: Trumpek basakeria hau gelditu dezake. Alternatiba pentsaezina da” izeneko idatziarekin. Bertan baieztatu zuen AEBetako presidenteak baduela “nahikoa influentzia” su-eten bat indarrean ezartzera behartzeko: “Hori egiten ez badu, inplizituki onespena emango dio desagerpen osoa bilatzen duela dirudien planari”.

Zer da hau ez bada genozidio bat?” galdetzen du The Guardianek. “Noiz erantzungo dute AEBek eta bere aliatuek sarraski hau gelditzeko, orain ez bada?”.

Argi geratu dadila editorialak direla, ez iritzi artikuluak. Horrek esan nahi du ez direla pertsona baten iritzia, baizik eta hedabide oso baten iritzi deklaratua. Ikusi dugu iritzi artikuluren bat edo beste Israelek Gazako holokaustoan duen jarrerarekiko kritikoa dena, baina hedabideek Israel eta bere Mendebaldeko laguntzaileak bortizki salatzea oso gauza berria da.

Israelen aspaldiko zenbait babesle ere hasi dira, ezustean, euren tonua aldatzen. Mark Pritchard diputatu kontserbadoreak Komunen Ganberan esan zuen Israel “bai ala bai” babestu zuela hamarkadetan, baina “erratu” egin zela onartu eta bere babesa kendu zien Israelek Gazan egiten dituen ekintzei.“Urte askoan -hogei urte daramatzat ganbera honetan- Israel babestu dut, egia esan, kosta ahala kosta”, esan zuen Pritchardek. “Baina gaur adierazi nahi dut erratu egin nintzela eta Israel gaitzesten dut Gazako eta Zisjordaniako palestinarrei egiten ari denagatik; eta nahiko nuke nire babesa kendu Israelen ekintzei, momentu honetan Gazan egiten ari denari”.

“Asko kezkatzen nau momentu honetan jendeak historian atzera begiratzeak, herri moduan erratu garen herri izateak”, gehitu zuen Pritchardek.

Shaiel Ben-Ephraim Israelen aldeko adituak publikoki onartu du Israel genozidio bat gauzatzen ari dela, eta horren kontra agertu behar dela. “Denbora asko behar izan dut puntu honetara heltzeko, baina bada garaia honi aurre egiteko. Israel genozidio bat ari da egiten Gazan”, txiokatu zuen Ephraimek. “Ospitaleen aurkako bombardaketak, jendearen artean gosetea, garbiketa etnikorako planak, nazioarteko lankidetzako kooperanteen hilketa eta horien estalketa. Ez dago besterik: Israel herri palestinarra desagerrarazi nahian ari da. Ezin dezakegu geldiarazi hori onartu ezean”.

Arraroa da jende guzti horrek urte eta erdi behar izatea puntu horretara heltzeko. Nik, behintzat, askoz tolerantzia baxuagoa dut genozidioaren eta haurren hilketa masiboen aurrean. Hemeretzi hilabete badaramatzazu genozidioaren trenean, pixka bat arraroa da bat-batean garrasika salatzea zelako ankerra den eta balazta sakatzeko eskatzea.

Pertsona hauek ez dute bat-batean kontzientzia hartu, besterik barik, usaindu dute haizeak zer dakarren. Kontsentsua puntu batera heltzen denean, lasterketa zoro bat hasten da horren kontra geratzen den azkena ez izateko; jakin baitakizu gainontzean marka hori izango duzula bizitza publikoan, jendeak betirako ikusiko duela egin zenuena.

Azken finean, heldu da momentua Trumpen administrazioa Netanyahu molestatzen hasi dena; hainbeste ezen lehen ministro israeldarrak iradoki baitu AEBen segurtasun laguntzagandik “desintoxikazioa” behar dutela. Iruzkin hori egin zuen Washingtonek Tel Aviven agintearen gainetik pasatu eta bahitu estatubatuar baten askapena zuzenean Hamasekin negoziatu zuenean. Antza denez, AEBek gero eta gehiagotan utzi dute Israel negoziaketetatik kanpo, Yemenen, Saudi Arabian eta Iranen egin dituzten negoziaketetan. Zerbait aldatzen ari da.

Hori horrela, denbora guzti honen ostean Israel babesten jarraitzen baduzu, nire aholkua da ahalik eta arinen aldatzea iritzia. Oraindik garaiz zabiltza arratoi zoroen lasterketan lehenengoa izateko eta jokatzen hasteko betidanik Gazaren aurkako holokaustoaren aurka egon bazina legez.

 

*Caitlin Johnstone Australiako kazetari independentea da. Artikulu hau maiatzaren 12an argitaratu zuen bere webgune pertsonalean, Rafael Poch-ek gaztelerara itzuli eta argitaratu zuen bere blogean, eta bertatik euskaratu du ARGIAk.