argia.eus
INPRIMATU
Balio natural “esanguratsua” aurkitu dute Belartza-2 industrialdearen obretako gunean
  • Gipuzkoako hamahiru talde natur zale biltzen dituen Naturkon plataformak Belartza-2 industrialdearen inguruko balorazioa egin du, “Udalak proiektua gauzatzeko duen interesa ikusita”, bertako lanak legez kanpokoak direla salatu eta egun gutxira.

Ane Urkola Agirrezabala @irrikaz 2016ko maiatzaren 24a
Naturkoneko kideak, manifestuaren aurkezpenean (Arg: Malen Aldalur/Irutxuloko Hitza).

Manifestu baten bidez jakinarazi dute balio natural “esanguratsua” aurkitu dutela inguruan, babestutako habitatak eta “mehatxupean” dauden hainbat fauna espezie, esate baterako.

Manifestuak jaso duenez, industria guneak suntsituko luke “balio natural, paisajistiko eta agrologiko handiko eremua, eta murriztu egingo litzateke espezie askoren habitata".

Horretaz gain, salatu dute industria guneak hainbat lege urratzen dituela: 2010ean onartutako Hiria Antolatzeko Plan Orokorreko (HAPO) Ingurumen Garapenerako Txostena, Espainiako Estatuko Bioaniztasun Legea eta EAEko Natura Kontserbatzeko Legea, besteak beste.

“Donostian beste industria gune bat eraikitzea zentzugabekeria hutsa da”, azpimarratu dute. Izan ere, adierazi dute erdi hutsak dauden hainbat industria gune daudela hirian.

Horregatik, Belartza poligonoa ez eraikitzeaz gain, eskatu dute gunea babesteko beharrezko diren neurriak hartzeko prozesu administratiboak martxan jar daitezela.

Era berean, eskatu dute Belartzako ingurua txerta dadila Unanue Natur Gunean, bigarrena “atzera bueltarik gabe kaltetua eta mehatxatua” izan ez dadin.