argia.eus
INPRIMATU
Balea urdina euskal kostaldean
  • Munduko animaliarik handiena bistaratu zuten irailaren 23an kostaldetik 20 miliara. Verballenas elkarteko adituen esanetan, "azken hamarkadetako sorpresarik handiena izan da". Hiruka.eus horren testigu izan zen.

ARGIA @argia 2016ko irailaren 29a

Itsasoko fauna eta zetazeoak bistarazteko tourrak antolatzen dituen Verballenas elkartea goizean goiz itsasoratu zen irailaren 23an. Ohikoa dute izurdeak eta zereak ikustea, baina sekula ez zuten balea urdinik ikusi. Arratsalde partean Capbreton fosa inguruan zeudela –Bizkaiko golkoaren hondoan dagoen 2.100 metroko sakonerako fiordo antzeko bat– animalia erraldoia ikusi zuten. 30 metro inguruko zetazeoaren ondoan nabigatu zuten ordu erdian, itsasoan barrena desagertu zen arte.

Gorka Ocio Verballenaseko kideak Hiruka.eus-i azaldu dionez "hamarkadako sorpresa izan da". Bere esanetan sekula ez da ikusi inguruotan, balea urdina kostaldetik hain gertu, 20 miliara baino ez.

Balea urdina oso ugaria zen itsasoetan XX. mendera arte, baina ehiza indiskriminatuak desagertzeko zorian utzi zuen eta orain milaka batzuk baino ez daudela uste da.