argia.eus
INPRIMATU
Baldintzarik gabeko legezko abortua onartu dute Irlandan
  • Legea indarrean egotera pasako da Michael D. Higgins presidenteak hau sinatzen duenean. Behin pauso hori emandakoan, haurdunaldiko lehen hamabi asteetan abortatzea legezkoa izango da edozein kasutan.

ARGIA @argia 2018ko abenduaren 17a
(Argazkia: Philip Walsh)

Maiatzaren 25ean, Irlandako Errepublikako Gobernuak erreferenduma egin zuen, herritarrei abortu legearen gaineko araudia aldatzeari buruz galdetzeko. Abortatzeko eskubidearen aldeko hautua gailendu zen, %66,4 abortua zigortzen zuen 40.3.3 artikulua ezabatzearen alde agertu baitzen. Zazpi hilabeteren ostean, parlamentuak abortua legeztatzen duen lege proiektua onartu berri du. Legea indarrean egotera igaroko da Michael D. Higgins Irlandako presidenteak sinatzen duenean.

Aldaketa nabarmena

Irlandako Konstituzioa sortu zenetik abortua inoiz ez da legezkoa izan, beraz lege hau indarrean jartzea Irlandako emakumeen oinarrizko giza eskubideei dagokienez aurrerapauso nabarmena izango da.

Irlandako Gobernuak jakinarazitakoaren arabera, behin lege berria ezarrita, lehen hamabi asteetan abortatzea legezkoa izango da kasu guztietan. Emakumeak medikuari abortatzeko erabakia jakinarazi eta behin aukera aztertuta, 72 orduren ostean emakumeak erabaki berbera mantenduz gero abortatzeko pilula bat emango zaio.

Hamabi eta 24 asteko abortuei dagokienez, ordea, soilik kasu batzuetan abortatu ahalko dute emakumeek: euren bizitza arriskuan baldin badago, edo haurdunaldiak beraien osasuna arriskuan jartzen badu. Abortatzea beharrezkoa den erabakitzeko bi medikuren aholkularitza eskatuko da kasu hauetan.

24 astetik gorako haurdunaldietan, bestalde, abortua bakarrik izango da posible baldin eta fetuak uterotik kanpo bizirik irauteko aukerarik ez badu.