"Baldintza juridikoen bila ari dira, auzoa eraitsi ahal izateko"

  • Udalak auzoa eraisteko prozesua hasita badu ere, euren proiektua Errekaleor dela, eta defendatuko dutela adierazi dute Errekaleor Bizirikeko kide Karla Berrojalbizek eta Iñaki Lopez de Forondak Alea FM irratsaioan.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2017ko ekainaren 02an - 09:26
Iñaki Lopez de Foronda eta Karla Berrojalbiz, Errekaleorreko bizilagunak (argazkia: Alea).

Maiatzaren 18an, Iberdrolako teknikariak, Ertzaintzak lagunduta, Errekaleor auzora joan eta argindarra moztu zuten. Horren ostean, Gasteizko Udalak Errekaleor eraisteko asmoa adierazi du. Hori dela eta, manifestazio internazionala deitu dute Errekaleorreko bizilagunek, Guk argi daukagu, herria bizirik lemapean. 

Azken egunetako gertakarien ondotik, nola joan dira auzoko jaiak?

Iñaki Lopez de Foronda: Oso ondo. Gainera, izugarrizko lorpena da guretzat ekitaldiekin aurrera jarraitu izana, argindarrik gabe egon arren; gure baliabideeekin egin dugu, eta oso irakurketa positiboa ateratzen dugu handik. Jende asko gerturatu da, beharbada lehen gerturatzen zena baino anitzagoa, familian, herri bazkarian. Auzoko bizilagun ohiak ere izan dira gurekin, jaien txupinazoa bota dute gurekin, eta gu poz-pozik beraiekin.

Atzera eginez. Noiztik bizi zarete Errekaleorren?

Karla Berrojalbiz: Errekaleor Bizirik proiektua orain dela hiru urte hasi zen, 1959-60 urteen artean eraiki zen auzoan. Hamar ikaslek abiatu zuten proiektu hau duela hiru urte baino gehiago, eta ikusita Udalaren desjabetze prozesuaren ondorioz husten ari zirela, erabaki zuten auzokideekin lanketa bat egitea eta alternatibak aurkeztea auzo hori berreraikitzeko.

Nolako hartu-emanak izan dira Udalarekin?

K. B.: Hasiera hasieratik esan dugu irekita gaudela instituzio edo bestelako erakundeekin elkarrizketa izatera, eta hala egin dugu. Bi aldi bereizten ditugu; alde batetik, PPren legeladia eta, beste aldetik, EAJrena. Marotoren garaian, egia da, talde guztiekin bildu ginela PPrekin izan ezik, eta EAJ heldu zenean Udalera, egia da, harremanak alderdi jeltzalearekin uzkurtu egin zirela, nahiz eta guk hitz egiteko borondatea izan, eta borondate hori gutun bitartez igorri.

Maiatzaren 18ko gertakarien inguruan zein balorazio egiten duzue?

K. B.: Argia mozteko beste saiakera bat izan zen orain dela bi urte, PPren legaldian, gu handik aterarazteko helburuarekin. Saiatu ziren prekario bidezko desalojo batekin; forma juridiko honen bitartez auzoaren egitura infraetxea izendatzen da, bizitzeko egokia ez den egitura bat, eta hortaz, arrisku bat dagoenez, baimena ematen da hori desalojatu eta ostean eraisteko. Saiakera hori hutsala izan zen. Auzora etorri ziren, informe juridikoak egin zituzten, eta positiboak ziren, orduan ezin izan zuten desalojat. Emaitza: argi mozketa bat. Maiatzaren 18koaz zer pentsatzen dugun? Jokaldia berdin-berdina dela. Bide legala oso geldoa denez, beste saiakera bat ikusten dugu desalojo bat baimendu ahal izateko; gogoratu, gaur egun atari bakar baten aurkako prozedura dagoela Auzitegi Gorenean, eta badirudi denbora dezente egongo dela horretan. Nola egingo duten? Baldintza juridikoak sortu nahi dituzte gure auzoa eta etxebizitzak infraetxe izendatzeko. Argia eta ura moztuta. Aurreikusten dugu desgaste prozesu batean sartuko garela, prekario bidezko kaleratze bat bideratu ahal izateko.

Albiste hau Ane Pedruzok eta Jon Ander Santosek argitaratu dute Arabako Alean eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errekaleor
Errekaleorren 10. urteurreneko ekintzetan jasandako polizia jazarpena salatu dute

Errekaleor Bizirik auzoaren hamargarren urteurrena ari da ospatzen. Adierazi dutenez, 24 orduan lau identifikazio eta hiru isun jasan dituzte. Isunak mozal legea aplikatuta jarri dizkiete.


Errekaleorrek 10 urte
“Gogoz eta indartsu heldu gara 10. urteurreneko ospakizunera"

2013ko irailaren 3an Gasteizko aldirietako Errekaleor auzoko 26. ataria okupatu zuten Gasteizko EHUren campuseko zenbait ikaslek. Hilabete amaieran ospatuko dute urteurren borobila, talde entzutetsuen kontzertuekin, besteak beste. Hamarkada oso baten gazi-gozoez, Urtaranen... [+]


2023-06-01 | Ilargi Manzanares
Oinharri eskolak herri mugimenduentzako formakuntza eskainiko du Errekaleorren, uztailaren 15etik 23ra

Oinharri eskolak Formakuntza Barnetegia eskainiko du, Euskal Herriko herri mugimenduentzako formakuntza politikoa. Lau urte daramatzate formakuntza ematen, eta beraien metodologia Brasilgo Lurrik Gabekoen Mugimenduan (MST) oinarrituta dago, materialismo dialektikoa ardatz.


2023-02-27 | Hala Bedi
Errekaleorreko etxeak egoera onean daudela berretsi du azterketa tekniko batek

Azterlan hori egiteko, jendea bizi den blokeen egoera, ezaugarri fisikoak eta eraikuntzakoak, balizko arazoak eta bizigarritasunari dagokionez duten egoera orokorra aztertu dituzte, 2022an zehar. EAEko Eraikinen Ikuskapen Teknikoaren ereduari jarraituz egin dituzte blokeen... [+]


Eguneraketa berriak daude