Abuztuaren 29ko gaueko egitaraua bertan behera utzi dute, iazko jaietan gau horretan izan baitziren indarkeria kasuak: sumisio kimiko bidezko sexu erasoak eta borrokak "nabarmen" areagotu zirela azaldu du Amets Jauregizar herriko alkateak. Abuztuaren 28tik 31ra bitarte izango dira Bakion (Bizkaia) San Joan Doloz jaiak, eta udalak dei egin die herritarrei "errespetuz" ospatzera.
Abuztuaren 28tik abiatuta, Bakioko herritarrak festa giro betean murgilduko dira San Juan Doloz jaien bueltan. Jaien lehen egunetik abuztuaren 31ra arte osatutako egitarauak, ordea, aldaketa batzuk izan dituela iragarri du Bakioko Udalak asteartean: abuztuaren 29ko gaueko egitaraua bertan behera utzi dute, azken urteetan, egun horren bueltan, "festa giroa" izorratu duten sexu erasoengatik eta borrokengatik, azaldu du udalak ohar batean. Hortaz, egun horretako egitaraua arratsaldeko 18:00etan amaituko da, haurrentzako disco-arekin, eta ez da izango DJen ikuskizunik gauean.
Radio Euskadi irratian asteartean elkarrizketatu dute Bakioko alkate Amets Jauregizar, eta adierazi du iazko jaietan sexu erasoak, batez ere sumisio kimiko bidez eginak, eta borrokak "nabarmen" areagotu zirela 29ko gauean: "Indarkeria matxistaren aurkako arreta zerbitzuak artatu zituen emakume kopurua igo egin zen". Alkateak gehitu du herritarrek eskatu diotela udalari "zerbait" egin dezala, eta hortik heldu dela erabakia; horrez gain, azaldu du "geroz eta baliabide gehiago" ari direla bideratzen eraso matxistak identifikatzera.
Udalak dei egin du jaiak "errespetuz" ospatzera
Oharrean, Bakioko Udalak eta jai batzordeak adierazi dute euren helburu nagusia "herritarren segurtasuna" indartzea dela, eta argi utzi dute ez dutela inolako eraso matxistarik onartuko: "Dei egiten dugu jaiak errespetuz ospatzera". Horretarako, azken urteen gisara, indarkeria matxistaren aurkako arreta zerbitzuak martxan egongo dira jaiak hasi eta amaitu arte: zehazki, abuztuaren 28ko 20:00etatik irailaren 1eko 8:00ak arte. Horrez gain, jaiek iraun bitartean 24 orduz jardungo duen telefono zenbaki bat eskuragarri izango dute herritarrek: 656 78 86 21.