Ukrainako gerrari amaiera emateko sortu den azken ekimena Donald Trumpen 28 puntutako dokumentua da. Oraingoz dakiguna zera da: Vladimir Putinek eztabaidarako oinarrizko dokumentu gisa balekotzat jo duela eta Volodimir Zelenskik, berriz, herrialdearen duintasuna eta interesak defendatuko dituela esan duela, ontzat ematen ala baztertu egiten duen argitu gabe.
Donald Trump eta Vladimir Putinek Alaskan adostu zutenari Zelenskik bizkar eman zionetik Trumpek izoztuta utzi zuen hitzarmena. Baina geroztik bi berri esanguratsu zabaldu dira: batetik, militarki Ukrainako armada hainbat lekutan kolapsatzen ari dela eta nabarmen ikus litekeela gerra irabazteko aukerarik ez duela. Bestetik, Ukrainan inbertitzeko ziren ehunka milioi dolar aurkitu dutela Zelenskiren hurbileko jendearen eskuetan. Ustelkeriaren berriek Zelenskiren sinesgarritasuna maila eskasean utzi dute munduan eta Ukrainan bertan ere.
Bi arrazoi horiek izan dira, Alaskako bileraren ondorengo geldialdia eta gero, presidente estatubatuarraren ekimena orain berrabiarazteko arrazoia. Korporazioen interes ekonomikoak dokumentuan sartu izanak indartu egiten du Trumpen dokumentuaren balioa.
Garbi dago orain idatzita dagoen bezala dokumentua ez dela inora iritsiko. Baina gerra Errusiak irabazita duenez, dokumentuak arrakasta izan lezake errusiarren asmoak jasotzen badira. Bestalde, Europako Batasuna urte hauetan AEBen morroi leiala izan denez, orain ere AEBetako presidentearen arrastoari jarraitu beharrean da. Harrizko gonbidatua da. Eta Ukraina beste hainbeste. 2022ko apirilean Boris Johnsonen gerrari eusteko proposamena onartu zuenetik, Zelenskik AEBen esku utzi zuen Ukraina.
Ukrainako eta Errusiako gobernuen helburuak kontrajarriak dira eta ez dago puntu komun batera iristeko aukerarik. Gerraren bilakaera militarrak finkatuko ditu amaieraren baldintza nagusiak
1991n Sobiet Batasunetik independentzia eskuratzerakoan, Ukrainak NATOn ez sartzeko konpromisoa hartu zuen. 1996ko lehen Konstituzioan konpromiso hori jasota geratu zen. 2014ko Maidango estatu-kolpearen ondoren, Parlamentuak Konstituzioa aldatu eta NATOn sartzeko bideari ekin zion. Ukrainak sinatu zuen neutraltasun militarra Zelenski eta enparauek hautsi ez balute gerra hau ez zatekeen piztuko. NATOn sartzeko apustua egin zutelarik, Ukraina itota bukatzera kondenatu zuten.
Dokumentuan Trump errusiarrekin izandako harremanetan hitz egindako eduki garrantzitsuenak jasotzen saiatu dela ikus liteke, nahiz hainbat puntutan errusiarren ezezko biribila aurreikus daitekeen. Garbi ikus liteke eztabaidatzeko zirriborroa dela. Bat-batekotasuna eta nahas-mahaskeria nagusi dira dokumentuan. Koherentziarik ez duen arazo mordo baten zerrenda besterik ez da. Hala ere, Vladimir Putinek puntu batzuk negoziagarriak direla esan du. Beraz, zerbait positiboa lortzeko itxaropena badu.
Filtrazioaren helburua negoziazio prozesua etetea zen. Baina dokumentuak bizirik dirau eta bi aldeek serio hartu izanak hurrengo egun edo asteetan erabaki garrantzitsuak etorriko direla pentsatzeko bidea ematen dute.
Dokumentuaren puntu garrantzitsuenak:
* 7. eta 8. puntuetan gerra honen funtsa ukitzen da. Ukraina ez da NATOn sartuko eta NATOk ez du Ukrainako lurrik zapalduko.
* 6. puntua. 2022an, OMB hasi zenean, Ukrainako soldadu profesionalak 250.000 inguru ziren. Urte horretako Istanbulgo negoziazioetan Ukrainak kopurua 85.000ra murriztea onartu zuen. Trumpen dokumentuak 600.000 proposatzen du. Errusiak ez du onartuko.
* Segurtasunari eragiten dion hainbat puntu dago. Europa osokoari dagokionez, gutxienez, 3, 4, 9, 15 eta 17. puntuetan ukitzen da, modu desberdinetan. Gogoan izan behar da AEBek 1991n NATO Errusia aldera milimetro bakarra ere ez zabaltzeko emandako hitza zapuztuta mantentzen dutela oraindik. Hortaz, NATO gehiago ez zabaltzea ala NATOren arma arriskutsuak 1991ko puntura eramatea da kontua? Zeren Errusiak erantzun simetrikoa emanen balu, Kuban, Venezuelan, Nikaraguan… arma nuklearrak koka litzake. Baina dokumentuaren helburua Ukrainako gerrari amaiera ematea denez, ez du zentzurik puntu horiek dokumentu honetan txertatzeak.
* 21. puntuak erredakzio berria behar du. Batetik, Errusiak ez duelako onartuko bere Konstituzioan dagoeneko txertatuta dauden Krimea, Luhansk, Donetsk, Zaporizhia eta Kherson-en inguruan aldaketa instituzionalik. Bestalde, Vladimir Putinek esana du soldadu errusiarren odola isuri den lurrak Errusiaren esku geratuko direla.
* 13. puntua ez da serioa. Errusiari konfiskatu zaizkion 300.000 milioi euroak Errusiarenak dira eta errusiarrek bakarrik erabaki dezakete zer egin beren diruarekin.
* 20. puntuan nazismoa debekatzeko egiten den aipamena Errusiak onartu eginen du.
Ondorioak:
Filtratu den dokumentuaren nahasmenak ongi adierazten duen bezala, oraindik bide luzea geratzen da bi aldeek sinatzeko moduko hitzarmenera iristeko. Hala ere, ukrainarren jarreraren arabera, gerta liteke Trumpek bere indarrak Ukrainatik erretiratzea. Horrek gerra berehala amaitzea ekarriko luke.
Ukrainako eta Errusiako gobernuen helburuak kontrajarriak dira eta ez dago puntu komun batera iristeko aukerarik. Gerraren bilakaera militarrak finkatuko ditu amaieraren baldintza nagusiak.
Joan Mari Beloki Kortexarena