Indarkeria sexistari buruzko jardunaldiak antolatu dituzte Donostian azaroaren 12tik 15era bitartean. “LAB2014, Bakearen itzalak” izenpean, hainbat tailer eta hitzaldi izango dira San Telmo Museoan, Kaxilda liburu dendan eta Emakumeen Etxean.
Donostia 2016ko Bake Ituna ikerkuntza proiektuaren baitan antolatu da LAB2014. Indarkeriaren eta bakearen arteko harremana ikuspuntu feministatik aztertuko dute jardunaldietan.
Josebe Iturrioz eta Leire San Martin dira seminarioaren antolatzaileak. XXI. mendeko Europako bakearen oinarriak, "paradoxikoki", indarkeriarekin lotura dutela azaldu nahi dute jardunaldietan, El Paísek EFE agentziaren bidez jaso duenez.
“Egunerokotasunean bakean bizitzera ohituta gauden arren, indarkeria, esplotazio eta umiliazio mota asko jasaten dugu”, salatu du Iturriozek.
19:00etan San Telmo Museoan emango dituzte hitzaldiak egun guztietan, eta sarrera librea izango da. Elvira Burgos filosofoa, Laura Macaya hezitzailea eta Montse Neira sexu langilea dira jardunaldiko hizlarietako batzuk (programa osoa San Telmo museoaren webgunean kontsulta daiteke).
Kaxilda liburu dendan eta Emakumeen Etxean, berriz, tailerrak antolatu dituzte egunero 10:00etatik 17:30era bitartean. Horietan parte hartzeko izena eman behar da, ekintzaetapentsamendua@gmail.com helbidera e-mail bat idatziz edo Bake Itunaren webgunetik.