argia.eus
INPRIMATU
Bakeak egin nahi ditu Putinek Wagner taldearekin, behin Prigozhin hil dela
  • Putinek eskua luzatu dio Wagner talde paramilitarrari, Errusiarekin "leialtasuna berretsi" eta "elkarrekin lan" egiteko. Bestalde, AEBek uste dute Putinek eman zuela Prigozhinen hegazkina leherrarazteko agindua.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko abuztuaren 28a
Prigozhin eta Putin, artxiboko irudi batean. (Argazkia: AP)

DNA frograk berriki iritsi dira Errusiatik: asteazkenean jazotako gertakarian hildakoetako bat da Yevgueni Prigozhin Wagnerreko buruzagia. Hegazkina Moskutik abiatu zen San Petersburgora, eta hamar bidaiari zeramatzan. Erori egin zen, oraindik ez dago argi zergatik.

Vladimir Putinek, artean Prigozhinen gorpua konfirmatu gabe zegoela, Wagnerreko buru ohiaz iraganean hitz egin zuen ostegunean, ezbeharra jazo eta egun bakarrera. Doluminak adierazi zizkion familiari, eta aipatu zuen "hainbat akats larri" egin zituela Prigozhinek bere bizian, "baina emaitza onak ere lortu" zituela.

Putinek, doluminak adierazi eta hurrengo egunean, bakerako akordio gisa ulertu den dokumentua luzatu die Wagner eta beste talde paramilitarrei. Dekretu bat onartu du Errusiak, zeinak "militarki jarduten duten taldeei" behartzen dien Errusiarekiko "leialak" izatera eta "elkarrekin lan egitera". Hau da, dokumentua sinatu behar dute eta Putinekin batera borrokatu.The Guardian egunkari britaniarrak jaso duenez, "ez dago argi" zein izango den Wagnerren etorkizuneko jarduna behin Progzhin hilik dagoela; egunkariari hainbat adituk jakinarazi diotenez, Afrikan eta Estatu Islamikoari aurre egiteko hainbat herrialdeetan jarraituko dute borrokan.

Erori egin zen hegazkina?

Horixe da nazioarteko zenbait estatu eta gobernuek galdegiten dutena. Ikerketa abiatu duena, espero bezala, AEB izan da, eta lehen datu frogagarriak jaso aurretik Joe Biden presidenteak ulertzera eman du Putinek berak agindu zezakeela erasoa, berak desiratzen zuelako gehien Prigozhinen hegazkina erortzea.

Bielorrusiako presidente eta Putinen aliatu Aleksandr Lukashenkok ere hitz egin du gaiaren inguruan. Adierazi du ez zaiola "arraroa" iruditzen norbaitek eraso egitea Prigozhini, "etsai asko" zituelako, baina ez duela uste Putin izan denik egilea.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak ere hitz egin du gaiaren inguruan, eta jakina, Putini egotzi dio ardura, baina bere diskurtsoa arma gehiago eskatzeko baliatu du; hain zuzen, F-16 gerrako hegazkinak eskatu ditu. Horren ostean, AEBek baieztatu dute F-16 hegazkinak emango zaizkiola Ukrainari datorren urrian edo azaroan, baina lehenago pilotu ukrainarrak akademikoki prestatuko dituztela.