Bake prozesuen arrastoa 18/98tik Udalbiltzara

  • Auzitegi Nazionalak Udalbiltzako auziari emandako absoluzioak interpretazio ugari izan ditzake. Askok egun bizi dugun momentu politiko bereziaren parametroetan kokatu du. Iraganari begiratzen badiogu, badago arrazoirik hori pentsatzeko, eta logikak ere hori dio: jatorri politikoa duten auzi judizialak testuinguru politikoaren menpe daude.


2011ko urtarrilaren 30an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:03

“Zuzenbide Estatua ez dago treguan” esan zuen Rubalcabak, ETAk irailean ekintza armatuen etetea iragarri zuenean. Aldiz, urtarrilaren 10eko prentsaurrekoan bere buruari egindako galdera eta erantzunetan ez zuen hori adierazi behar izan. Segur aski jakitun zelako egun gutxira zer gertatuko zen: ustez ETArekin zerikusia duten bi pertsonen atxiloketa lehenik, “Ekinen egituraren” eta Apurtu.org webgunearen kontrako operazioa eta torturak ondoren. Hori izan da estatu aparatuek su-eten “egiaztagarri, iraunkor eta orokorrari” emandako lehen erantzuna. Bestalde, ez dirudi Espainiako Gobernua ezker abertzale ilegala legeztatzeko tenorean dagoenik, lurrikara politikoa litzateke, orain arteko jarrera irmoaren erabat kontrakoa, eta krisiak zauritutako Zapateroren Gobernua ez dago horrelako astinduetarako.

Baina inozoa litzateke “aukera historiko” hau ez baliatzea 2012ko hauteskundeei begira. Beste kontu bat da zein estrategia eta bitarteko erabiliko dituen superministroak horretarako. Egun irekita dauden auzi judizial politikoak joko taula horretako piezak dira. Ez da kasualitatea Gernikako Adierazpenean esatea prozesu judizial horiek “berraztertu” behar direla; puntu hori funtsezkotzat dute adierazpenaren sinatzaileek, eszenatoki berri baterantz egiteko. “Gu peoitxo batzuk besterik ez gara” zioen Udalbiltzako Maribi Ugarteburuk epaituak izan ziren garaian egin genion elkarrizketan, eta Auzitegi Nazionalak joan den astean emandako absoluzio sententzia pozgarria parametro horietan uler liteke. Gómez Bermúdezek hilabeteko epean sententziatuko zutela iragarri zuen, baina azkenean hiru hilabete igaro dira epaiketa bukatu zenetik. ETAren su-etenaren aurreko giro itxaropentsuak eta azken komunikatuaren edukiak tribunalaren erabakian nolabaiteko eragina izan duela pentsatzeko arrazoirik badago. Are gehiago iraganeko esperientziari begiratzen badiogu, 2006ko bake prozesuari, alegia.

2006ko esperientzia

Auzitegi Nazionalak aste gutxiren buruan polizia operazioak eta absoluzio epaiak agindu ditu. Kontraesankorra dirudi, baina auzitegien barruko pelikulak ez du zerikusirik kanpokoarekin, Espainiako Gobernuak ez ezik, eskuin kontserbadoreenak ere mugitzen ditu hariak etxe horretan. 2006ko bake prozesua abiatu zenean auzitegiek kolpe ugari jo zituzten han eta hemen: De Juana Chaos-i kartzela zigorra handitzea, Faisan kasuaren afera, Parot dotrina... Arnaldo Otegi bera ere espetxeratzeko agindu zuen Grande Marlaskak ETAk su-etena iragarri eta egun gutxira. Hara zer erreflexio egiten dion Otegik Imanol Murua kazetariari Loiolako Hegiak liburuan: “Gure aurkako jazarpena handitu egin zen su-eten garaian. Bi irakurketa posible zeuden. Bat: Gobernuarekin hari ginela negoziatzen eta ez Estatuarekin, eta alderdi popularrak ahalmen handia zeukala estatu aparatuetatik prozesua saboteatzeko. Bi: hori horrela izanda ere, alderdi sozialistak hori erabili egiten zuela gure posizioa baldintzatzeko”.

2006 eta 2007 artean Oslon, Genevan eta Loiolan izan ziren negoziaketek orduan irekita zeuden makrosumarioetan eragin zuten. Jarrai-Haika-Segi auzian gertatutakoa adierazgarria da. 2005eko apirilean Auzitegi Nazionalak 23 gazteren kontra idatzitako epaian esan zuen ez zutela “talde terrorista” osatzen eta ondorioz 2-3 urteko espetxe zigorra jarri zien. Gehienek prebentiboki beterik zuten espetxe aldi hori eta inor ez zen kartzelara joan. Aste gutxi batzuk geroago Espainiako Kongresuak baimena eman zion Zapaterori ETArekin elkarrizketak izateko. Hortik urte eta erdira baina, ETAk Barajaseko T-4a lehertu eta prozesua porrot egitear zegoenean, Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen epaia eta seina urteko kartzela zigorrarekin kondenatu zituen gazte guztiak, horietako asko sorpresaz atxilotuz gainera. Horien artean Olatz Dañobeitia zegoen, Loiolan Arnaldo Otegi eta Rufi Etxeberriarekin batera Batasunaren izenean negoziatzen aritutakoa. Espainiako Gobernuak errekamaran gorderik zuen, negoziatzeko unean, Gorenaren sententzia.

Segiren kontrako epaiak jurisprudentzia berria markatu zuen, eta bidea ireki zuen ETAren “ingurua” terrorismoagatik prozesatzeko. Garai bertsuan 18/98 sumarioko 52 auzipetuak epaitzen aritu ziren Madrilgo Casa del Campon. Epaiketaren saioak 2005eko azaroan hasi ziren eta 2007ko martxora arte iraun zuten. Auzipetua zegoen Jokin Gorostidi ezker abertzaleko militante historikoak “Estatuak bahiturik” zeudela azaldu zuen bihotzekoak jota hil aurretik. Epaiketa amaitu eta epaia argitaratu bitartean, bake prozesua berbideratzeko azken saiakera antzua egin zuten Genevan. ETAk 2007ko ekainean iragarri zuen su-etenaren amaiera eta egun gutxira Arnaldo Otegi atxilotua izan zen Argalari egindako omenaldi bat zela-eta. Bada, abenduan, Auzitegi Nazionalak zigor gogorrak ezarri zizkien 18/98 auziko 46 laguni –guztira 600 urteko kartzela aldia– eta Angela Murillok, sententzia jakinarazi baino lehenago atxilo arazi zituen gehienak.

Askatasuna-ren kontrako epaiketa ere “frigorifikoan” egon zen ia hiru urtez. 2005ean egin zuen kalifikazio agiria fiskalak, hamarna urteko kartzela zigorrak eskatuz, baina 2008ko apirila arte ez zen epaiketarik izan. Urte horretako irailean jakinarazi zien epaia Auzitegi Nazionaleko 4. Zigor Salak auzipetuei, bertan zirela, eta gehienak 8 eta 12 urte artean zigortu ondoren hauek espetxera eramateko agindu zuen epaimahaiak. Ordurako, Arnaldo Otegi espetxetik kanpo zegoen berriz, eta hilabete gutxira Sinn Féin-eko Alex Maskey-rekin batera Bilbon egindako prentsaurreko batean “berragertu” zen publikoan, gatazkari “bide baketsu eta demokratikoak erabilita” irtenbidea emateko konpromisoa azalduz; bestalde, Eugenio Etxebesteri eta Rafa Diezi egindako elkarrizketa publikatu zuen Gara egunkariak, De Argel a 2009, “del resistir es vencer” al “convencer es vencer”... Jadanik beste zerbait ari zen egosten euskal politikaren sukaldean.

Udalbiltzaren absoluzioa

Beste makrosumarioek 2006ko bake prozesuaren baitan izan duten ibilbidea eta azken patua ikusita, Udalbiltza auziaren absoluzioa seinale ona da bake biderantz. Auzipetuen esanetan, sententzia “bat dator eszenatoki berriarekin, tunelaren bestaldeko argi horrekin”. Epaiketan garbi geratu zen auziak bultzada politikoa zuela, eta epaiak hori berretsi du, zeharka bada ere: hipotesi polizial soilek sostengaturiko akusazioak egin dituzte ministerio publikoak eta DyJ elkarteak, epaiaren esanetan. Baina juzkaturiko beste auzietan bultzada politikoa ere bistakoa zen, aurretiaz bilaturiko zantzuen colage horrekin jokatu izan baitute akusazioek. Zer aldatu da? Testuingurua, jakina. Dena den, ez da ahaztu behar epaimahaiak aurrekari garrantzitsu bat zuela eskuartean –Egunkaria kasuarena–, eta Javier Gómez Bermúdez epaimahaiburu izan zela ordukoan ere.

Egunkariaren epaiarekin gertatu bezala, Udalbiltzakoan tribunalak argibide mamitsuak ematen ditu absoluzioa esplikatzeko. Polizia txostenak froga “perizialak” ez direla azaltzen du; ETAren ideia batzuekin bat egitea ez dela delitua dio; edozein ideia, baita “sezesionistak” ere, defendatzea zilegi dela argitzen du; ustez ETArenak diren Zutabe eta beste dokumentuen interpretazioak ez direla arrazoizkoak azpimarratzen du... “Ekimen nazionalista, baina ez terrorista”, horixe izan da denen ahotan gehien azpimarratu den esaldia. Ur sakonetan sartzen da epaimahaia, ez luke zertan hainbeste busti behar, baina bustitzen da. Dena den, auziak egindako kalteez ezer gutxi dio, eta zortzi urte linboan egon ondoren, auzipetu askok sentsazio arraroarekin hartu du epaia.

Egunkaria eta Udalbiltzako kasuek jurisprudentzia berria ireki dezakete epaitzear dauden beste makrosumarioei begira. Eta aztertu beharko litzateke zer ondorio juridiko izango duten epai horiek jadanik epaituak izan diren auzietan. Udalbiltzaren kasuan gainera, fiskalak akusatu egin zuen Garzón epaile instruktorearen argudio berak erabiliz eta hamarna urteko kartzela zigorra eskatu zuen. Aldiz, orain absoluzioari helegiterik jartzeko asmorik ez du agertu, sententziak dioena onartuz.

Bateragunea

2009ko urriaren 13an Espainiako Polizia LABek Donostiako Igara auzoan duen egoitzan sartu zen eta hainbat lagun eraman zituzten atxilotuta: Rafa Diez, Arnaldo Otegi, Arkaitz Rodriguez, Rufi Etxeberria, Miren Zabaleta, Txelui Moreno, Mañel Serra eta Sonia Jacinto. Baltasar Garzón epaileak agindu zuen operazioa Batasuna “berregitea” egotzita; Bateragunea deitu zion auziari. Gerora ikusi denez, eta atxiloketen ondorengo ekimenek hala erakutsi dute (Altsasuko Adierazpena, Zutik Euskal Herria agiria, eragile subiranistekin sinaturiko akordioak...), ezker abertzaleko kide horiek bake prozesu berria hasteko lanean ari ziren. Operazio hori burutu eta urtebete pasatxora Bateragunea auzia epaiketaren atarian da. Efikazia harrigarria erakutsi du oraingoan, bestetan hainbeste urtez atzeratu izan den Auzitegi Nazionaleko burokraziak. Gerry Adams-en esanetan Espainiako Gobernuak Arnaldo Otegi aske utzi behar luke, kartzelan egotea oztopoa delako “bakea lortzeko”. Zerikusirik ote du Adamsek esandakoak Bateragunea auziak hartutako abiada frenetikoarekin? Zein atakatan utzi nahi dute Otegi bake prozesua martxan den honetan? Hamarna urteko kartzela zigorra eskatzen du fiskaltzak auzi horretako zortzi epaituentzat.

Bestalde, Bateragunekoa ez da ilegalizaturiko ezker abertzaleak datozen hilabeteetan aurre egin beharko dion auzi bakarra. Batasunaren kontrako epaiketa ere –herriko tabernen auzia-, laster izango da. Garzónek 2002an agindu zuen Batasunaren kontrako lehen operazioa eta 2008ko apirilean amaitu zuen sumarioa. 41 lagun daude auzipetuta eta zortzi eta hamabi urte arteko kartzela zigorrak eskatu ditu fiskalak. Horrez gain, EHAK-ANVren kontrako auzian 43 pertsona epaiketaren zain daude; horietako askok kartzela aldi luzeak igaro dituzte, 2007ko urrian Segurako sarekadan atxilotu eta joan den urtera arte behin-behineko askatasuna lortu ez zutelako. Azken hilabeteetan, berriz, Segi, Askapena eta hainbat abokaturen kontrako operazioak izan dira.

Dozenaka kide daude makrosumarioetan harrapatuta eta auzitegietatik zintzilik. Beste dozenaka jadanik epaituak izan dira eta kondena luzeak betetzen ari dira espetxeetan. Ez da azeria izan behar jakiteko Espainiako Justizian eragiteko indarra duten Gobernuak eta estatu aparatuek hori erabiliko dutela ETAren su-etenak irekitako garai berria baldintzatzeko. Aldiz, hau guztia ondo ateratzen bada, Gernikako Adierazpenak eskatzen duen “prozesu judizialen berrikuspena” egiteko aukera sortuko litzateke. Oraingoz, “fronte judiziala”, edo Rubalcabak dioen bezala, “Zuzenbide Estatua”, ez dago treguan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Baltasar Garzon
2021-05-02 | Axier Lopez
BBVA-ren historia beltza
Euskal kapitalismoaren kontakizun bat

Banco Bilbao Vizcaya Argentaria ez da Bilbokoa ezta Bizkaikoa ere, aspaldi egin zuen hegan Madrilera eta handik dirua beste aberririk ez duten nazioarteko inbestitzaileen atzaparretara. Vizcaya eta Bilbao bankuei begira jartzeak eramaten gaitu milaka eta milaka pertsonen izerdi... [+]


2021-03-09 | ARGIA
Pepe Rei hil da, ikerketa kazetaritzaren erreferentea Euskal Herrian

Pepe Rei kazetaria 73 urterekin hil da, astearte honetan, Donostian. Egin egunkariko ikerketa taldea martxan jarri eta Ardi Beltza aldizkaria sortu zuen, besteak beste. Euskal Herriko eta Espainiako estolderia politikoez, gerra zikinak ustelkeriarekin eta narkotrafikoarekin zuen... [+]


2020-02-13 | Axier Lopez
Eta zu zer torturatzaile mota zara, kontserbadorea ala progresista?
Euskal herritarren aurkako torturaren irudi gordinak dira Unai Romano gasteiztarrarenak. Bi argazkien artean, 30 ordu, hainbat guardia zibil eta epaile bat daude. Egun epaile horietako bat Espainiako Gobernu "progresistako" barne ministroa da eta torturatzaile... [+]

2019-01-30 | ARGIA
'Gara'-k 3 milioitik gora ordaindu beharko dizkio Gizarte Segurantzari, Garzonek ezarritako zor bidegabearen erruz

Gara egunkariak bizi duen egoeraren berri eman du asteazken honetan. Egunkariak zor bidegabe bati aurre egin behar izan dio azken 15 urteetan, Egin-ek Gizarte Segurantzan ordaintzeko zeukana agindu judizial baten bidez egunkari berriari ezarri ostean. Orain, aurreakordio batera... [+]


2018-07-22 | Axier Lopez | ARGIA
20 urtez adierazpen askatasuna jo-puntuan

“Goizero-goizero amosal bonba txiki batek, 50 bat gramokoa, eztanda egiten du Euskadin: Egin egunkaria”. Hala zioen Eusko Jaurlaritzako Barne Sailburu Juan  Mari Atutxak 1996an, gaur egun arte luzatu den ‘Dena da ETA’ teoriari ateak irekiz.


Eguneraketa berriak daude