argia.eus
INPRIMATU
Alderdiei dei egin die Jonan Fernandezek bake prozesuaren geldialdiaren aurrean
  • Alderdiei adostasunetara hel daitezen eskatu die Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzaren idazkari Jonan Fernandezek.

Xuban Zubiria @xubanzubiria 2013ko ekainaren 19a
Akordio txikien garrantziaz hitz egin du Fernandezek, esanez, alderdi guztien asmoak islatu behar dituela guztiak bakearen bidean jar daitezen. Argazkia: Eldiario.es

Fernandezek Eusko Legebiltzarrean aurkeztu du Bake eta Bizikidetza plana. Prozesuak okerrera egin dezakeela esan du, ez badira pausoak ematen egoera destrabatzeko.

Aipatu du prozesua geldirik dagoela erabat eta hurrengo urteko hauteskundeek egoera okertu dezaketela. “Jar gaitezen ados aurtengo egoera destrabatzeko, biolentziaren erabateko desagerpena ekarri eta ETAren desarme edo espetxe politikan aldaketak lortzeko”.

Onartu du zaila dela planarekin %100 ados egotea eta esan du, planak irekita jarraitzen duela eta hobetu daitekeela. Akordio txikien garrantziaz hitz egin du Fernandezek, esanez, alderdi guztien asmoak islatu behar dituela guztiak bakearen bidean jar daitezen. Dei egin dio PPri Eusko Legebiltzarreko Bake Ponentziara batu dadin.

Alderdiek iritzi kontrajarriak plazaratu dituzte planaren inguruan. UPyDko Gorka Maneiro eta PPko Carmelo Barrio oso kritiko agertu dira. Iñigo Iturratek (EAJ) osotasunean onartzen dutela esan du alderdiaren izenean, ez baitu gertatutakoa txikiagotu nahi ezta inor umiliarazi nahi ere. EH Bildutik Julen Arzuagak adierazi du koalizio soberanistak borondate onez egingo duela lan planari ekarpenak egiteko, baina edukiak falta zaizkiola.

 PSEko Rodolfo Aresek esan du, oso zorrotzak izango direla eta ez dutela onartuko gertatu denaren “kontakizun aldrebesturik”. Plan honen helburu nagusia ETA betirako desagertzea izan behar dela gaineratu du.

Bake ponentziaren plana hiru oinarritan artikulatzen da, iragana, oraina eta geroa. Landu beharreko hemezortzi puntu ditu tartean, torturen salaketak aztertzea, giza eskubideen urraketaren inguruko informe bat egitea, biktimen arazoa konpontzea edo euskal presoen espetxe politikan aldaketak eta hauen birgizarteratzea bultzatzea.