Gaur eguerdiko 12:30ean lehenengo bilera egingo du Eusko Legebiltzarreko Bake eta Bizikidetza Batzordeak. EAJ, EH-Bildu eta PSE-EE alderdiek egutegia eta lan ildoak zehaztuko dituzte gaur. PPk eta UPDk ez dute parte hartuko, eurek hala erabakita.
Joseba Egibar eta Iñigo Iturrate (EAJ), Laura Mintegi eta Julen Arzuaga (EH Bildu) eta Jose Antonio Pastor eta Rodolfo Ares (PSE-EE) politikariek osatuko dute lantaldea. Hasieratik, parte hartzeari uko egin zioten PPk eta UPDk. Popularrek ez dute baztertu aurrerago parte hartzea, baina oraingoz uste dute Batzordeak ez dituela "gutxienekoak" betetzen eta EH Bildurik "gehiago eskatu" behar zaiola.
Espetxe politika, memoria, bizikidetza...
EFE berri agentziak adierazi duenez, EH Bilduk lau gai nagusi jarriko ditu mahai gainean: espetxe politika aldatzea, memoria osoa hartzea kontuan, alde guztiek onartzea euren erantzukizuna eta bizikidetza espazioak sortzea, "inposiziorik gabe".
EAJk eta PSE-EEk berriz, iragarri dute aurreko legegintzaldian bake lantaldeak adostu zuen txostena izango dutela abiaburu. EAJk, PSE-EEk, PPk, Ezker Anitzak eta Aralarrek adostu zuten aipaturiko txostena edo "lurzoru etikoa": hala nola, "indarkeriaren bidegabekeria, eragindako mina eta biktimen duintasuna" aitortzeA, ETA "behin betiko desegitea" edota alde guztien erantzukizuna ezartzea eskatzen du txostenak.