Aieteko Nazioarteko Bake Konferentzia 2011n egin zen Donostian eta ondoren sortu zen Bake Bideak, Ipar Euskal Herritik bake prozesua sustatzeko. Bakegileen zeregina ETA armagabetzeko ekinbide zibila antolatzea izan zen. Orain, desegingo direla iragarri dute bi ekimenek.
Agur esateko bilkura ostiral honetan egingo dute Baionan eta bertan, egindako bidearen balorazioa egiteaz gain, aurrera begirako urratsez jardungo dute, bi ekimenetako arduradunen ustez, oraindik badagoelako zer egiterik gatazka konpontzeko bidean.
ETAk 2011n iragarri zuen borroka armatuaren amaiera eta haren testuinguruan egin zen Donostiako Aieteko Bake Konferentzia. Ipar Euskal Herritik hura sustatzeko ekimen gisa sortu zen Bake Bidean 2012an, eta urte hartako abenduan egin zen Baionako Bake Foruma, Ipar Euskal Herriko hainbat sentsibilitate biltzen zituena. Bake Bideakek, Baionako Unibertsitateak eta Lokarrik antolatu zuten.
Euskal gizarteak esperantza handiz bizi izan zituen ETAren iragarpena eta Aieteko Adierazpena, baina garai nahasiak ere baziren. Batetik, ETAk aldebakarreko erabakian, borroka armatua inongo negoziazio barik uztea erabaki zuen; bestetik, Espainiako Gobernuak ez zuen bide hori lagundu, eta batzuetan aldiz, zangotrabatu egin zuen. 2011ko urrian ETAk bere iragarpen ospetsua egin zuen eta hilabete geroago PPk hauteskundeak gehiengo osoz irabazi zituen Espainian. Mariano Rajoyren agintaldiari hasiera zen.
Testuinguru nahasi horretan Frantziak Aurore Martin Batasuneko kidearen aurkako euroagindua eman zuen hura Espainiaratzeko; eta Batasunaren aurkako beste hainbat ekimen abiarazi zituen –Espainiako Estatuan legez kanpokoa zen 2003tik–. Euroagindu horri eta bake prozesuaren zangotrabatzeari aurre egiteko sortu zen Bake Bideak, eta ondoren, ekimen ugari egin zituen prozesu horren alde lehenik eta geroago batez ere euskal presoak askatzeko bidean.
Armen txanda
ETAk armak jokoz kanpo uztea erabaki zuen 2011ko urrian eta armagabetzea bideratzeko borondatea ere agertu zuen. Aieten finkatutako prozesuaren logikan gauzatzea aurreikusi zuen, Espainiako eta Frantziako Gobernuak emandako beste hainbat urratsen ondoan. Baina Espainiako Gobernuak argi utzi zuen ez zuela ezer negoziatzeko asmorik, ezta armagabetzea bera ere: ETAk desegin behar zuen, armak entregatu, eta etakideek beren burua justiziaren esku jarri behar zuten epaituak izan ahal izateko.
Testuinguru horretan, ETAk erabakiz aldatu zuen: armek negoziaziorako txanpon gisa balioko ez bazuten, erabiliko zituzten bake prozesua elikatzeko. Horrela, ETAren su-etena egiaztatu zuen Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak hartu zuen bere gain armagabetzea ere egiaztatzea. Bide honek ere, dena den, arazo franko izan zituen eta armen auziak zintzilik jarraitu zuen ondorengo urteetan, Lokarriren proposamena, Eusko Jaurlaritzarena eta beste hainbat eragile ere tartean zirela.
2016aren hasieran hasi ziren lanean Bakegileak. Gizarte zibilak armen aferan zeregin garrantzitsua izan zezakeela pentsatzen zuten, eta egoera desblokeatzeko ETArekin harremanetan jarri ziren. Mezuen joan-etorrien ondoren, urrian hala erantzun zien ETAk: “Euskal Herriko gizarte zibilaren esku utziko lituzke beren armak, nazioarteko eragileen parte hartzearekin, desegin daitezen. Euskal erakundeen inplikazioa eta babesa ere bilatu beharko litzateke”.
Horrela egin zuten, eta armagabetze operazioa iragartzeko data publikoa ere adostu zuten: 2016ko abenduaren 16a. A planean, dena ongi aterako zen, Frantziako Gobernuarekin elkarlanean; B planean Frantziako Poliziak esku hartuko zuen. B plana izan zen aurrera atera zena, eta Luhusoko herrian armak desegiteko lanean ari zirela, Frantziako Poliziak Txex Etxeberri, Mixel Berhokoirigoin, Behatrice Molle-Haran, Stephane Etxegarai eta Mixel Bergouignan bakegileak atxilotu zituen.
Egunetara atxilotuak aski utzi zituzten, eta 2017ko martxoaren 8an, ETAren gainerako arma guztiak Frantziako Poliziaren eskuetan utzi zituzten gizarte zibileko dozenaka lagunek antolatutako –eta Frantziako Gobernuak baimendutako– operazioan. Armagabetze zibil horretan parte hartutako herritarrak hala bataiatu zituzten: bakearen artisauak. Luhuso- ETAren armagabetze zibilaren kontakizuna liburuan prozesu guztia xehetasun handiz kontatzen du Enekoitz Esnaola kazetariak.