Hamasek 48 bahitu askatuko ditu astelehenerako, eta Israelek 2.000 preso. Ostegun honetan dute izenpetzekoa lehen faseari buruzko akordioa; bigarren faseari buruzkoaz, ordea, ezjakintasun eta hauskortasun handiagoa nabaria da.
Hamasek astelehenean askatuko ditu 48 bahitu israeldarrak –20 bizirik eta 28 hilda, Israelen ustetan–, eta bere aldetik, Israelek, 2.000 preso palestinar –hil arteko kartzela zigorra duten 250 preso eta azken bi urteotan preso sarturiko beste 1.700 bat– kaleratuko ditu. Horrez gain, Israelek bere soldaduak "adostutako lerro batera" erretiratuko dituela jakitera eman du Donald Trump AEBetako presidenteak, "bake sendo, iraunkor batera iristeko asmoz". Gaza lurraldearen %75 kontrolatzen du Israelgo armadak, eta oraingoz zehaztu gabekoa dute nora arte eginen luketen atzera. Gazako Defentsa Zibilak jakitera eman dutenez, akordioa adostu ondoren ere segitu dute gaueko bonbardaketek.
Bahituen eta presoen askatzea "Israelek erretiratzearekin eta laguntza humanitario gehiago sartzearekin batera" egin beharko litzatekeela jakitera eman dute negoziaketetan egon direnek.
"Egun handia" da Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren arabera: "Guztiak etxera ekarriko ditugu, jaungoikoaren laguntzarekin". Ostegun honetan aurkeztuko du akordioa gobernu kontseiluan.
"Elkarrizketa arduratsu eta serio bat" izan dela oharatarazi du Hamasek, bitartekarien –Qatarren, Egiptoren, Turkiaren eta Trumpen– ahalegina eskertuta. Hala ere, adostutakoari begira "Israel behartzeko" eskaera luzatu die bitartekariei: "Okupazio gobernuak adostutako neurriak erabat bete ditzan eta ez atzeratzeko".
Hamaseko arduradun batek adierazi du lehen fasea sinatu eta "berehala" hasiko direla bake akordioaren bigarren faserako negoziazioak. Israelek, bere aldetik, ez du horri buruzko adierazpenik egin. Palestinarren eskubideei uko ez diela egin argi utzi du Hamasek, "askatasuna, independentzia eta autodeterminazioa lortu arte".
Astelehenean abiatu zituzten Kairon Israel eta Hamasen arteko zeharkako elkarrizketak, eta asteazken gauean eman du lehen fasearen izenpetzearen berri Trumpek. Gazako gerra bukatzea helburu, irailaren 29an aurkeztu zuen hogei puntuz osatutako proposamena AEBetako mandatariak.
Poza baina aldi berean mesfidantza adierazi dute Gazan bonben azpian direnek, iraganean ere izan direlako bi aldeen arteko akordio batzuk lortzekotan, azkena 2025ko urtarrilaren 15ean. 65.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek 2023ko urriaren 7az geroztik.