argia.eus
INPRIMATU
Bakarka, baina ez bakarrik
Uxue Gutierrez Lorenzo 2025eko urriaren 29a

Argitzala EH Tour

Non: Bilboko Kafe Antzokian.

Noiz: irailaren 16an.

------------------------------------------------------------

Artistentzat beti izaten da ariketa zaila talde baten partaide izatetik bakarlari izatera igarotzea; taldearen babesetik oholtza bakarrik betetzera pasatzea. Trantsizio horretan zenbait buruhauste sortzen dira; baita beldurrak ere, eta, batez ere, zalantzak. Izan estilo aldaketagatik, izan pertsona batek bakarrik egin ditzakeen gehienezko gauza kopuruagatik, edo izan nola eta zelan ikusiak izan nahi duten erabakita izateagatik, biluzteak dakarren intseguritateagatik. Askotan gakoa zintzoa izatean datza, ikus-entzuleari gardentasunez azaltzea dena dela prozesu, artistak ere norbanako zaurgarriak direla eta eginez ikasten dela, bidean. Horrela irakurri dut Jurgi Ekizaren emanaldia, oholtzara bakarka, baina akaso ez bakarrik, agertu zaigun honetan. 

Argitzala izena jarri dio bere bakarkako lanari, Willis Drummond taldearen aterpean urteak eman ostean. Hain du berezko Willisek rock sarkor, melodiko eta indartsua, zaila dela jakitea Ekiza nondik azalduko den. Diskoa aurretik entzuteak pistak ematen ditu, jakina.

Aurkezpenerako aretoa aukeratu du, ez kalea, baina formatu xumean. Bilboko Kafe Antzokian aurkeztu du Argitzala, baina goiko solairuan egin du, Kutxa Beltza deitzen zaion eszenatokian. Aulkiak, argi gutxi, oholtza txikia eta benetako kutxa beltza bailitzan, goiko alde zabalarekin aretoa konektatzen duen balkoitxoa itxita: lau pareta, musikaria eta publikoa. 50 bat ikusle, besterik ez. 

Tartekatu ditu Ekizak disko berriko eta orain arteko ibilbideko kantuak, eta goxo zuzendu zaio publikoari. Eskerrak emanaz, probatzen ari dela garden esan eta tarteka gitarran, kantuan eta sintetizadoreetan aritzea pertsona bakarrarentzat gehiegizko lana dela aitortuta. Konfiantzan aurkeztu dizkigu diskoko kantuak, eta entzun ditugu zenbait "klasiko", estilo soilean: A ala B, Joan ikustera eta Gaztetasuna eta zahartzaroa, besteak beste. Sortu du giro intimoa, lasaia eta baketsua, eta ikuslegoarekin konektatu du. Emanaldian zintzoki azaldu da Ekiza, ikus-entzuleekin hartu emanean, eta gu, publikoa, behar izan gaitu bere emanaldia janzteko, hala aitortu du berak. Kantatzera gonbidatu gaitu behin baino gehiagotan, bere bakartasunean kolektiboa eraikita, itzalei ere argia emanda.

Izan ere, itzal baino argi gehiago opa dizkiot Ekizaren bideari. Segi bere pista, oraindik ere oholtzaz oholtza dabil-eta.