argia.eus
INPRIMATU
Bakardadearen prebentziorako koilarakadak
  • Berriozarko Udalak jantoki komunitario bat jarri du martxan Pertsona Jubilatuen San Esteban Klubean (Nafarroa). Zaharren arteko harremanak sustatzea da helburua.

Olaia L. Garaialde 2025eko abenduaren 5

Ordu batak aldera mugimendua sumatzen da Pertsona Jubilatuen San Esteban Klubaren inguruan. Izan ere, duela hiru aste Berriozarko Udalak jantoki komunitario bat jarri zuen martxan. Astelehenetik ostiralera dago zabalik, eta berrogeita hamar lagunentzako bazkariak emateko gaitasuna dauka. Halere, momentuz, hogeita sei lagun inguru joaten dira. “Bakardadearen prebentziorako jantoki bat da. Askok elkar ezagutzen dute bistaz, baina ez dute inoiz elkarren artean hitz egin”, azaldu du Mikel Arangurenek, Berrikilan enpresa publikoko langileak.

Haizea Errorekin eta Erika Grijalbarekin batera mahiak prestatzeaz, janaria berotzeaz, zerbitzatzeaz eta jasotzeaz arduratzen da. Horrez gain, jantokiko erabiltzaileak xaxatzen dituzte elkarren artean hitz egiteko. Hasiera batean, asmoa zen langileek erabiltzaileekin batera bazkaltzea, baina kontatu dutenez, “polita” dirudien arren, ez die astirik ematen. Jantokira joateko baldintza gutxi bete behar dira; besteak beste, pentsionistak izan behar dira eta jantokian euren kabuz aritzeko autonomia izan.

Jantokia ez da zaharren ongizateari lotutako jarduera bakarra. Arangurenek azaldu duenez, Berriozarko Udalak urteak daramatza zenbait programa sustatzen. Horren adibide dira Iruñalde Berriozarko eguneko zentroa eta jubiloteka. Kontatu duenez, Berriozarko biztanleria nahiko zaharra da: "1950eko hamarkada aldera, kanpoko jende asko etorri zen Berriozarrera, eta jende hori zahartu egin da".

Kalera ateratzeko aitzakia bat

Rafaela Garcia Jimenezek, Francisca Castillok eta Victoria Lealek jubilotekan ezagutu zuten elkar. Zaharren ongizatea eta autonomia sustatzea du helburu jubilotekak, eta eskola deitzen diote, gauza asko ikasten dituztelako: “Kaletik elkar ikusten genuen, baina ez genuen hitz egiten. Eskolan hasi ginen solasean”. Batzuk bakarrik bizi dira, eta beste batzuk senarrarekin, baina  hirurak “oso kontent” dira, etxetik ateratzeko aitzakia bat dutelako. “Oso atsegina da mahaia jarrita bazkaltzea, eta etxera iritsi eta sukaldean sartu behar ez izatea”, esan dute. Arrazoi desberdinengatik joaten da jendea jantokira; batzuk, adibidez, seme-alabak edota medikuak gomendatuta animatu dira. Halere, orokorrean, sozializatzea dute helburu.

Astero, esertzeko leku aldaketak egiten dituzte, eta Arangurenek nabarmendu du elkarren artean ezagutzeaz eta mintzatzeaz gain, autozaintza lantzen laguntzen duela: “Oso polita da! Bakarrik bizi den jende asko dago, eta igual lehen ez zuten etxetik ateratzeko beharrik sentitzen. Orain, aitzakia bat daukate, dutxatzeko, janzteko eta kalera ateratzeko”. Gaineratu du, giroa “oso ona” dela, “oso ongi” pasatzen dutela eta barrez lehertzen direla.