argia.eus
INPRIMATU
Baionan, Palestinari elkartasuna erakusteko mobilizazioa debekatu nahi izan du Poliziak
  • Ostegunean, herriko etxe aurretik jendea kanporatu eta hainbat pertsona identifikatu zituen Frantziako Poliziak, Baionako suprefeturak mobilizazioa galarazteko agindua eman ondoren. Hala ere, aurrera egin zuen Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak deitutako mobilizazioak.

Izaro Villarreal Lauroba 2023ko urriaren 20a
Poliziaren debekuaren gainetik, Palestinaren aldeko protesta egin zuten Baionan // Argazkia: Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialista

Palestinako herriari elkartasuna adierazteko eta “Israel Mendebaldeko estatuen konplizitatearekin egiten ari den sarraskia salatzeko” mobilizazio deialdia egi zuen ostegun arratsalderako Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak, Baionan. 19:00tarako deitua zen mobilizaziora, baina Baionako suprefetak debekatu egin zuen, herriko etxe aurretik bertaratutakoak kanporatu, identifikatu eta protestarako egina zen pankarta galarazita. Hala ere, mobilizazioak aurrera jarraitu zuen, “eskubide politikoen aldeko borrokari” azpimarra eginda, Frantziako Estatuan debekatu eta erreprimitu diren Palestinaren aldeko protesten harira.

Debekuari aurre egin eta Baionako kaleetan zehar mobilizatu zen jendea eta ondorengo aldarriak zabaldu zuten: “Palestina askatu”, “Israel estatu kriminala” eta “Elkartasuna ez da delitua”, besteak beste. Baionako Pannecau karrikaren bukaeran amaitu zen mobilizazioa eta Palestinako herriari babes osoa eman eta Mendebaldeko erantzuleak seinalatzeaz gain, “langileen eskubide politikoen defentsa” berretsi zuten Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistako kideek, protestari jarritako debekuari erreferentzia eginda.

“Dominazio eta zapalkuntza guztien aurka, ezinbestekoa da basakeria honen iturrian den kapitalismoaren kontrako indarra nazioartean artikulatzea. Hori baita herri langileen askatasuna eta gerrarik gabeko jendarte baten oinarriak eraikitzeko bermea”, adierazi zuten mobilizazioaren bukaeran plazaratutako irakurketan.