argia.eus
INPRIMATU
Baionan euskarazko kazetaritzako unibertsitate diploma eskainiko dute irailetik aurrera
  • Euskarazko kazetari profesionalak aurkitzeko zailtasunagatik lurraldeko hedabideen lantaldea osatu zuten, eta handik sortu da egitasmoa. Bi urte iraungo dute ikasketek, eta ikasleek praktikak egingo dituzte hedabideetan. 

Irati Irazusta Jauregi 2023ko apirilaren 28a
Ostegunean aurkeztu zuten diploma erakundeetako ordezkariek, Baionan. (Argazkia: Guillaume Fauveau)

Baionan euskarazko kazetaritza unibertsitate ikasketak egin ahal izango dira irailetik aurrera. "Kazetaritza euskaraz - Journalisme en langue basque" Unibertsitate Diploma bultzatzeko lankidetza hitzarmena egin dute Bordele-Akitania Kazetaritza Institutuak (IJBA), Afdasek eta Euskararen Erakunde Publikoak (EEP), Paue eta Aturrialdeko Unibertsitatearekin (UPPA), Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU) eta Bordele-Akitania Kazetaritza Institutuarekin (UBM) batera.

Euskarazko hedabideek kazetaritzako profesionalak aurkitzeko zailtasunak zituztela-eta, EEPk lurraldeko hedabideak biltzen dituen lantaldea sortu zuen. Adierazi zuen "hedabideak hizkuntza baten hedapenean eragile estrategikoak" direla, eta euskarazko eduki mediatikoak hizkuntzaren sustapenerako "ezinbestekoak". Hala, diploma berriarekin "kazetari euskaldunen belaunaldi berri baten formakuntza eskaini, euskarazko kazetaritza lana sendotu eta euskara eremu digitalean garatzea ahalbidetu" nahi dute.

Praktikak hedabideetan

Ikasketek bi urte iraungo dute eta ikasleek praktikak egingo dituzte hedabide batean. Zehazki, bi astez unibertsitatean egongo dira eta hurrengo sei asteetan enpresan. Praktiketako ikasleak hartuko dituzten hedabideei  8.000 euroko diru-laguntza emango die EEPk, eta unibertsitate formakuntza Afdasek finantzatuko du. Jada hamar hedabide agertu dira prest.

Hasieran, promozio bakoitzean gutxienez 10 ikasle hartuko dituzte, eta 15 gehienez. Beharrezkoa izango da euskarazko B2 maila izatea, eta ikasgai guztiak euskaraz izango dira, Baionan gehienak, baina batzuk Bordelen eta Leioan ere bai. EPPrekin harremanetan jartzeko, i.aguirrebarrena@mintzaira.fr helbidera idatzi beharko du interesa duenak.