argia.eus
INPRIMATU
Baionako Xingar Ferian salatutako bortxaketa gaitzesteko elkarretaratzea egin dute
  • Ostegun gauean emakume bat bortxatzea egotzita atxilotu zuten gizon bat larunbatean. Gizona kasua argitu arte zaintzapean dago. Mobilizazioa egin du Itaiak astelehenean 18:30ean, Baionako Herriko Etxean, eta horren erantzukizuna azpimarratu du.

Unai Lomana Uribezubia 2025eko apirilaren 15
Baionako Herriko Etxean egindako elkarretaratzea. Ipar Euskal Herriko Itaia

Larunbatean gizon bat atxilotu zuten Baionan, emakume bat bortxatzea egotzita, Xingar Ferian. Fiskaltzak ikerketa abiatu ondoren atxilotu zuten eta geroztik zaintzapean dago.

Horren aurrean, Ipar Euskal Herriko Itaiak elkarretaratzea egin du astelehenean, bortxaketa salatzeko. Deialdi horretara batu da Ipar Euskal Herriko Mugimendu Feminista. 

Baionako Herriko Etxearen parean batu dira sexu erasoa salatzeko eta mahai gainean jarri dituzte herriko etxeak "erasoetan duen erantzukizuna eta hipokrisia". Halaber, auzapezak festen inguruan egiten duen "balantze positiboa" salatu dute eta adierazi dute festa bera eta festan gertatzen dena desberdintzen dituela "bortxaketak, ukituak, irainak edo heriotzak gertatu ez balira bezala", Berriak jaso duenez.  

Festa ereduari kritika 

Xingar Feriaren hasieran egin bezala, Itaiak salatu du horrelako makrofestek areagotu egiten dutela emakumeengan jasaten den indarkeria: "Makrofesta eredu horrek, azkenaldiko oldarraldi erreakzionarioarekin konbinatuta, joko zelai aproposa sortzen du emakumea are zaurgarriago bilakatzeko, eta jadanik bizi dugun indarkeria matxista anplifikatzeko". 

Bide beretik, makrofestak "leku seguruak" ez direla esan du, eta salatu du emazteak "etengabe zapaltzen eta objektu sexual bilakarazten" dituen egoera bat sortzen dutela. Azkenik zera adierazi du Itaiak: "Gaur egungo instituzioetatik kanpo kolektiboki antolatzeko xedea dugu, leku horiek bizi dugun errealitate kapitalista, indarkeria matxista eta halako zapalkuntza mekanismoak bermatzeko tresnak baitira".