Orain Baionako merkatuko saltzaileek afitxa bidez jakinarazten dute euskaraz eta gaskoiz aritzeko prest direla. Baionako Herriko Etxeak duela bi urte abiatutako euskara plangintzaren ildotik ekintza abiatu du.
100 bat saltzaileetarik, 38k erakusten dute euskaraz ari direla eta bi gaskoiz. Joseba Erremundegi hautetsiak adierazi duenez, Baionako merkatuan "euskara entzuten da, baina pentsatzen dut askoz gehiago entzun daitekeela". Horretarako Baionako Herriko etxeak euskara eta gaskoiaren erabilera sustatzen duen kanpaina martxan jarri du. Egunerokoan bi hizkuntzen presentzia indartzea dute helburu, herritarrei konfiantza eta gogoa piztuz euskaraz mintzatzeko.
"Euskara entzuten da, baina pentsatzen dut askoz gehiago entzun daitekeela"
Ikasten ari direnentzat ere espazio bereziak sortu nahi dituzte, hizkuntza praktikatzeko aukera emanez. Euskara edo gaskoiera ez dakitenentzat, afitxetan ikusgai izanen den QR kode baten bidez hiztegi labur bat eta euskara ikasteko tresnak eskuragarri izango dira.
Sei hilabeteren buruan, ekimenaren lehen bilana eginen dute emaitzak neurtzeko. Herriko Etxeak asmoa du ekimen hau merkatuaz haratago eramatea euskararen erabilera sustatzeko.