argia.eus
INPRIMATU
Baionako gizon bat epaitzen ari da Paueko Auzitegia, zortzi adin txikiko bortxatzea leporatuta
  • Salatu dute 69 urteko gizonak hogei urtean egin zituela erasoak. Donostian bi gizon atxilotu dituzte, adingabe bat bortxatzea leporatuta; beste bi gizon ere ikertzen ari dira, talde bortxaketako parte izan daitezkeelakoan. Salaketa jarri duen adingabea Gipuzkoako gizarte zerbitzuen tutoretzapekoa da.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2025eko maiatzaren 21
Paueko Auzitegiaren artxiboko irudia. La Republique des Pyrenees.

Baionako 69 urteko gizon bat ari dira epaitzen Paueko Auzitegian, hogei urtean adingabeen kontrako bortxaketak eta sexu erasoak egin zituela leporatuta, zenbait hedabidek jakinarazi dutenez. Guztira zortzi adingaberi egin zien eraso, eta horietatik hiru bilobak zituen. Hogei urtez egin zien eraso haurrei, azkenak 2022an. 2021ean salatu zuen lehen aldiz gizon batek, haurra zenean abusuak egin zizkiola esanez; eta haren atzetik heldu dira beste zazpiak. Denbora luzez ukatu ostean, 2023an gizonak onartu egin zituen egindako salaketetan azaldutako gertaerak. Ostegunean espero da sententzia.

Salatzaileek azaldu dute hurbileko gizona zutela, “konfiantzazkoa”, eta horrek ahalbidetzen zuela umeekin bakarka geratu ahal izatea. Baionako errugbitalde bateko gazteen eta udaleku batzuetako arduraduna ere izan zen, baina testuinguru horretatik ez da salaketarik heldu.

Donostian,  bi atxilotu eta bi ikerketapean

Donostian bi pertsona atxilotu ditu Ertzaintzak adin txikiko bati sexu erasoa egitea egotzita. Astelehen goizaldean gertatu zen erasoa, Ulia mendiko aparkaleku batean; eraso egin zioten neska Gipuzkoako Foru Aldundiaren tutoretzapean dago. Ertzaintza beste bi gizon ere ikertzen ari da, talde bortxaketan parte hartu zutelakoan.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko sailburu Bingen Zupiriak, asteazken goizean Euskadi Irratian egindako adierazpenetan, emandako informazioarekin “kontu handiz” ibiltzeko eskatu du, adingabea babesteko. Gipuzkoako Foru Aldundiak ateratako oharrarakin bat egin du Zupiriak. Ohar horretan, aldundiak “biktimarekiko eta haren inguruarekiko erabateko babesa eta elkartasuna” adierazi ditu.