argia.eus
INPRIMATU
Baionako fiskaltzak ikerketa abiatu du Ane Lindanek EHZn egindako emanaldiaren harira
  • Espainiako Abokatu Kristauen Fundazioak Bilboko artista salatu du arrazoi beragatik, “eskarnio delitua” egin duela argudiatuta. EHZk barkamena eskatu die artistaren emanaldiak mindu dituenei, baina egoera gorrotoa sustatzeko baliatu dutenengandik “urrun” mantenduko direla adierazi du.

Maria Ortega Zubiate 2025eko uztailaren 04a
Aitor Aspuru

EHZ festibaleko azken egunean izandako emanaldi batek polemika piztu du. Ane Lindane artistak bakarrizketa egin zuen festibalean, Arberatze-Zilhekoako elizan, horixe baitzen aretoa. Masturbazioa antzeztea eta horren bideoa sareetan zabaltzea aurpegiratu zion Espainiako Abokatu Kristauen elkarteak, eta Baionako fiskaltzak ere horixe bera aztertuko du. “Esposizio sexuala, degradazioa eta erlijio arrazoiengatiko gorrotoa bultzatzen” duen ikertuko du.

Artistak berak zabaldutako bideoak eragin zuen lehen salaketa, eta harrezkero sortu den harrabotsak eragin du oihartzuna. Espainiako elkarte ultraeskuindarrak egotzitako delitua, sentimendu erlijiosoei eraso egitea, ez da zigor bidetik epaitzen Frantziako Estatuan. Asteazkenean izan zuten bilera Arberatze-Zilhekoako auzapezak, EHZko talde antolatzaileak eta parrokiako kideek, eta jendarmeriak adierazi du beraien hitzak jasoko dituela ikerketan.

EHZk komunikatua zabaldu du gaiaren harira, eta emanaldiak mindutakoei barkamena eskatu die. Hala ere, festibaleko talde antolatzaileak gogorarazi du “adierazpen artistikoaren askatasuna” sustatzen eta bermatzen duela, eta bideoak izandako oihartzuna ikusita, ez duela polemiketan sartzeko asmorik: “Egoera hau gorrotoa sustatzeko eta gezurrak zein diskurtso iraingarriak zabaltzeko baliatzen dutenengandik urrun egonen gara”.