argia.eus
INPRIMATU
Baionako feminizidioa salatzeko elkarretaratzea, ostegunean
  • Indarkeria matxista aurrekariak ditu Baionan atxiloturiko gizonak. Bikotekidea erailtzea leporatuta, preso segitzen du eta bihar pasako da epailearen aitzinetik.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2019ko azaroaren 6a
Baionako Herriko Etxe aitzinean burutuko dute elkarretaratzea, ostegunean

Larunbatean Baionan gertatu feminizidioa salatzeko elkarretaratzea egingo dute ostegunean 18:30ean, Baionako Herriko Etxearen aitzinean. Iparraldeko mugimendu feministaren eta Euskal Herriko Mundu Martxaren izenean deitu du mobilizaziora Zutik! kolektiboak.

Hilketa matxista leporatuta, 52 urteko gizonezko bat atxilotu du Frantziako Poliziak Baionan. Hain zuzen, hilda aurkituriko bikotekidearen gorpuak indarkeria zentzuak zituen, ubeldura ugari antzeman zizkioten. Atxilotuak poliziari deitu zion larunbatean, emaztea hilik atzeman zuela abisatzeko. Fiskaltzak emakumeari autopsia egitea eskatu du, heriotzaren arrazoien gainean jakiteko. Gizonezkoa atxilotuta dago Baionako kartzelan, eta bihar pasako da epailearen aitzinetik. Indarkeria matxista aurrekariak ditu, Marc Mariee prokuradoreak jakitera eman duenez.

Aurten Euskal Herrian gertatu laugarren erailketa matxista da, hauetarik hiru Lapurdin gertatu direlarik.