Atherbea elkarteak Baionako eguneko harrera zentroa ixtea erabaki du higiene falta dela eta. Egunero 100 pertsona ingururi ematen zien dutxa hartzeko eta gosaltzeko aukera, baina lokalean labezomorro eta arratoi asko daudenez, itxi egin behar izan dute.
Atherbea elkarteak lokal horren bidez behardunei dutxa hartzeko eta gosaltzeko aukera ematen zien. Egunero 100-120 pertsona inguru bertaratzen ziren. Euskal Hirigune Elkargoa da lokalaren jabe, eta obrak egingo dituztela adierazi dute baina presidenteak "zailtasunak" daudela argudiatu du. Udalak ez badu bestelako lokalik eskaintzen zerbitzua bertan behera geratuko da.
Francoise Irubetagoiena, zentroko zuzendariaren arabera, hasiera batean arratoiak ikusi zituzten baina geroago intsektuak biderkatu dira, eta "labezomorroek lokala inbaditu dute", Berrian Xermin Etxebarnek jaso duenez. Horretaz gain behardunen arropa ezin dute garbitu garbigailuak hondatzen direlako, eta argindarrarekin etengabeko arazoak dituztelako. Hori dela eta salatu dute elkartearen 80 laguntzaileek ezin dutela ondo lan egin horrelako baldintzetan.
Obrak urrian amaituko dira, "kasurik onenean"
Baionako Lesseps kai bazterreko lokala 2020an jaso zuen elkarteak, Euskal Hirigune Elkargoaren eskutik, behin behineko irtenbide gisa. Hala ere, egoitza horrek iraunkorra izan behar zuen bestelako alternatibarik ez dagoelako. Jean René Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko presidenteak aitortu du obrak egiteko asmoa dutela, baina argudiatu du oraindik ez dituztela enpresak aurkitu eta egutegia zehazteke dagoela. Irubetagoienak Elkargoarekiko "konfiantza galdu" duela adierazi du, eta baldintza egokiak egon arte ez dutela berriz irekiko aurreratu du.
Egoerari aurre egiteko, Atherbeko eta Euskal Hirigune Elkargoko ordezkariak bildu dira ostegunean batetik obren egutegia zehazteko eta bestetik obren bitartean zer alternatibak egongo diren eztabaidatzeko. Estimazioei begira obrak "kasu onenean" urrian amaituko lituzketela adierazi du Elkargoak. Bitartean Sokorro Katolikoa erakundeari laguntza eskaini diote eta abuztuaren 4tik aurrera Eguerdiko Mahaia elkarteak zerbitzua eskainiko du.