argia.eus
INPRIMATU
Baionako Besta Alternatiboek jai-eredu masifikatuaren alternatiba eskaini nahi dute
  • Baionako festa ofizialen paraleloan, bestelako baloreen inguruan jaiak ospatzeko aukera eskaini nahi dute Besta Alternatiboek: jai herrikoi, parekide eta euskaldunak. Asteartean aurkeztu dute aurtengo programa, besteak beste Willis Drummond, 2ZIO eta Zea Maysen kontzertuak iragartzen dituena.

ARGIA @argia 2018ko ekainaren 20a
Baionako Besta Alternatiboek programa zabala prest dute uztailaren 25etik 29ra (argazkia: Zizpa).

“Besta bai! Euskaraz! Giro herrikoian! Eraso sexista edota diskriminaziorik gabe!”. Aldarri horiekin aurkeztu du Baionako Zizpa Gaztetxeak aurtengo Besta Alternatiboen afixa. Patxa plazan kokatuko da bestelako jaiak nahiago dituzten baionarren programazioa eta ekintzaz beteta dator.

Uztailaren 25etik 29ra bitarteko programaren barruan, kontzertuez gain poteo feminista (uztailak 26, 18:00etan), bertso saioa (uztailak 27, 13:00etan), gazte bazkaria (uztailak 28, 14:00etatik aurrera) edo “Zizpaperitifa” (uztailak 29, 11:00etan) nabarmentzen dira.

Programa osorik ikus dezakezue beheko argazkian.

Bestalde, Baionako Gazte Asanbladak bere iritzia eman du aurtengo besten inguruko erabaki polemikoenari buruz. Jakina denez, 2018an Baionako jai-gunera sartzeko sarrera kobratzea erabaki du Herriko Etxeak. Baionarrak ez direnek ordaindu beharko dute sartzea.

Sud Ouestek jaso duenez, Gazte Asanbladak adierazi du bide hori ez zaiola “soluziorik onena” iruditzen, “gure besten espiritua erabat aldatzen duelako”.