argia.eus
INPRIMATU
Baionako Atalante zinema-ohia jarduera politiko eta kulturalerako okupatu du Kontseilu Sozialistak
  • Baionako Herriko Etxearen jabetzapean, eraikinak bost urte daramatza hutsik, eta espazio hori hartu du Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak, “elkartzeko, kolektiboki pentsatzeko eta borrokak antolatzeko”.

ARGIA @argia 2025eko irailaren 03a
Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialista

“Instituzio kapitalistengandik” independente antolatzeko beharra nabarmendu du mugimenduak. Bizi-baldintzen kontra Frantziako Estatuaren “eraso gogorrak” direla-eta “haserre sozial handia” dagoen garaiotan, gerra, sarraski eta “faxismoaren hedatze” garaiotan, klase gisa antolatzea ezinbestekoa dela adierazi dute, eta horretarako azpiegiturak beharrezkoak direla.

Asanblada, bilkura, formakuntza eta eztabaidarako azpiegitura ere izango da zinema ohia, Kontseilu Sozialistak iragarri duenez. Eta liburutegi txoko bat ere irekiko dute: “Mugimendu Sozialistaren analisia zein proposamenak ezagutzeko, zein eztabaidetan sakontzeko aukera ukanen da bertan”.

Merkatuko logikatik at, “ordaindu behar izanik gabeko zerbitzuak klase elkartasunaren printzipiopean” antolatzeari ere emango diote lehentasuna. Hala nola oinarrizko produktuen bilketak eta banaketak, tailer praktikoak eta kultur eskaintza antolatuko dituzte.

Beste kolektibo batzuekin elkarlanean aritzeko aukera zabaldu dute, eta oharra gehitu: “Jarrera zapaltzailerik ez dugu onartuko”.

Asteazken honetan 19:00etan egingo dute aurkezpena, eta bertaratzeko deia egin dute.