ELB sindikatuak jakinarazi duenez, Baigorriko (Nafarroa Beherea) 14 hektarea inguruko etxalde bat salduko dute enkantean bihar ostegunean, urriak 24, 14:00etan hasita, Baionako auzitegian. "Etxalde eta lur horiek segi dezaten laborantxan baliatuak izaiten nahi dute ELB eta Lurzaindiak eta hortarako SAFER erakundeari galdegiten diote enkanteetan parte hartzea, funts horren eskuratzeko", diote komunikatuan.
"Etxalde bat enkantetan: SAFER-a eragile egokiena eskua hartzeko" agiria plazaratuz piztu dute alarma Lurzaindiak eta ELBk bihar ostegunez Baigorriko 14 hektarea lur berekin dituen baserri bat nekazaritza lur izateari uzteko zoria dagoelako. Agirian aipatzen duten SAFER Société d'aménagement foncier et d'établissement rural erakunde ofiziala 1960tik okupatzen da nekazal eremuetako azpiegiturez eta berari dagokio baserri bat salgai ateratzen denean laborantza alorrean jarrai dezan bere lehentasun eskubidea erabiltzea, etxe eta lur horiek bestelako erabileretarako erosi nahi dituztenen aurretik. Baserritar berriak instalatzeko lurrak diru-bilketa publikoz erosten ahalegintzen den Lurzaindiak SAFER-aren lehentasun horretaz baliatzen da etxaldeetako lurrak espekulaziotik libratzeko.
"SAFER-aren eguneroko lana da –diote agirian– laborantxako lur edo etxaldeen erostea eta laborarieri berriz saltzea lehentasun batzu kondutan hartuz, adibidez instalazioa, laborantxako proiektu mota, hautagaiek jadanik duten lur kopurua, etab. Bere funkzioagatik SAFER-a da eragile egokiena laborantxako lur saltzeetan esku hartzeko. Gertakari hunen kari, azpimarratu nahi dugu ere laborantxa munduak duen arrangura eta mina etxalde bat enkanteetan saldua ikustean. Gero eta lur gehiagok laborantxako balioa galtzen dute, eremu beti eta haundiagoan. Baitezpadakoa da laborantxako lurra laborantxarako zaindua izan dadin. Baitezpadakoa da ere Euskal Herriko laborantxaren dinamikarako, etxalde ttipi ainitzek segi dezaten bizitzen. Helburu horiek beteko dira SAFER-ak bere lana egiten ahal badu biharko saltzeari buruz".
Baionako auzitegiaren webgunetik jakin ahal izan dugunez, Baigorriko Korte Alde baserria da bihar Baigorrin salgai jarriko dena.