argia.eus
INPRIMATU
Bai, kriminalak
  • Etxetik kanporatzeko zorian zen Basauriko herritarraren heriotza, hala nola Espainiako Estatuan Mallorcako jubilatu parearena eta Alacanteko beste pertsonarena, ez dira suizidioak izan. Eta Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan horien aurretik hil diren beste hainbatek eta hainbatek ez dute euren buruaz beste egin. Homizidioak izan dira, eta arduradunek izen-abizenak dituzte: politikariak batzuk, bankuetako eta aurrezki kutxetako presidenteak besteak.

Juan Mari Arregi 2013ko otsailaren 15a
Ada Colau Espainiako Kongresuan.

Beraiek dira sistema erailearen kudeatzaileak, ahulenak lanik eta etxerik gabe uzten dituen kapitalismoaren kudeatzaileak, hain zuzen. Hain da zaila egoera, batzuek, etsiak jota, biziarekin amaitzea erabaki dute. Baina bizi horien kontra tiro egin dutenak kapitalismoaren kudeatzaileak dira. Kapaz dira gure zergetatik jasotako 40.000 milioi euro txertatzeko bankuak salbatzearren, eta aldiz, ez zaie inporta langabezian, prekarietatean eta hipoteka ordaindu ezinik dabilen jendea etxerik gabe uztea. Hiltzaileak eta kriminalak dira, eta aurre egin behar diegu. Ezin da justiziarik espero, kapitalismoaren zerbitzura baitago.

Espainiako Estatuko Etxegabetzeak Stop plataformaren bozeramaileak egia borobila esan zion Espainiako Parlamentuan bankuen ordezkariari: “kriminal” deitu zion. Beraiek dira jendea heriotzara bultzatzen dutenak, etxerik gabe uzteko neurri basatiak martxan jarriaz. Eta igualeko kriminal eta kolaboratzaile izango dira politikariak, agintariak eta epaileak, harik eta krisi larri honen erdian etxegabetzeak gelditzeko, zorra etxearen truke kitatzeko eta etxebizitza sozialen parkea sortzeko gertu ez badaude.