argia.eus
INPRIMATU
Bahitu trukea eta Trumpi gorazarre, baina laguntza humanitarioa tantaka ari da sartzen Gazan
  • Hasi da bahituen trukea Palestinan eta Israelen. AEBetako presidentea heroi baten moduan hartuko dute astelehen eguerdian Tel Aviven, eta Egipton goi-bilera egingo da gero, "Gazaren etorkizunaz gogoetatzeko". Bien bitartean, laguntza humanitarioa indartu bada ere, beharrizanak asetzetik urrun dagoela salatu dute.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko urriaren 13a
Laguntza humanitarioa tantaka ari da sartzen Gazan.

Euskal Herrian egunak argitu duenean entregatu ditu Hamasek lehen zazpi bahitu israeldarrak. Gurutze Gorriaren eskuetan utzi ditu Gaza iparraldean, eta horiek, gero, Israelgo armadari eman dizkiete. 11:00etarako, gauza bera egin du bizirik dauden beste hamahiruekin. 

Guztira, 2023ko urriaren 7an lurralde okupatuetan bahitutako 48 israeldar askatuko ditu Hamasek; trukean, Israelgo Gobernuak ia bi mila palestinar espetxetik atera eta Gazara, Zisjordaniara edota Egiptora bidaliko ditu autobusean. Behin Hamasek bere zereginak konplituta beteko du bere partea Israelek; horixe da esan dutena.

Israelek askatuko dituenei "preso palestinar" deitura ipini bazaie ere, gehiengoa "bahitu" ere izenda daiteke: askori ez zaie inoiz kargu judizialik leporatu, ez dute epaiketarik izan, eta egindako epaiketak "justuak" izan direla esatea askotxo da. Preso hartuta dauden batzuk, gainera, adin txikikoak dira. 

Israelek askatuko dituen ia bi mila pertsona horien izenak ez dira inondik inora ere jakinarazi, ez badira Israelek jarritako betoak, Hamasek askatzea eskatu arren Israelek ukaturikoak; horien artean, Marwan Barghouti. Aldiz, han eta hemen eta euskal komunikabideetan ere ari dira Hamasek bizirik entregatuko dituen hogei israeldarren profilak jakinarazten, sentsazionalismo osoz, pelikula tragiko baten amaiera bailitzan. 

Laguntza humanitarioa, orain ere tantaka

Foku guztiak Hamasengan eta askatzen dituzten bahituengan ipinita dauden bitartean, itxuraz "bake-plana" abian dela, laguntza humanitarioa ari da Gazan sartzen. Baina tantaka, oraingoan ere. Nazio Batuen Erakundeak eta laguntza humanitarioko hainbat elkartek jakinarazi dutenez, su-etena iragarri aurretik baino ibilgailu gehiago ari dira sartzen Gazan, "baina beharrizanak asetzetik oso urrun".

Soil-soilik Egiptoren aldean dagoen Rafah pasabidetik ari dira sartzen kamioiak, hau da, Gaza hegoaldetik. Hori ere bada beste eztabaidagaietako bat. Su-etena indarrean bada, eta ustez soldadu israeldarrak erretiratu badira, zergatik ez da laguntza humanitarioa leku gehiagotatik sartzen, hala nola Gaza iparraldetik? Horixe galdegin du Unicefeko bozeramaile James Elderrek.

Trumpi gorazarre Israelen

Israelera iritsia da AEBetako presidentea, Donald Trump, harro-harro eginda. "Denak daude zoriontsu: juduak, musulmanak eta arabiarrak; eta hori ez da 3.000 urtetan gertatu"; bere adierazpenak hala irakur daitezke EITBren webgunean.

Hainbat komunikabideetan entzun eta irakur daitekeenez, Israelgo Tel Aviv hiria "bandera estatubatuarrez josita" dago, Trump jotzen dutelako "salbatzailetzat", bi urteren ondoren bahitu guztiak askatzea lortu duen "heroitzat".

Donald Trumpen aldeko pankarta bat Jerusalemen. JPost

Hamasek bahitutako pertsonen familiekin elkartuko da Trump, eta Benjamin Netanyahurekin ere batzartuko da. Gero, Egiptora egingo du bidaia: su-etena adosteko mahaian egon diren herrialdeko ordezkariek batzarra egingo dute, "Gazako zerrendaren etorkizunaz" gogoetatzeko. Goi-bilera horretara gerturatuko dira Nazio Batuen Erakundeko ordezkariak, Europako Kontseilukoak eta, besteak beste, Alemania, Espainia, Frantzia, Italia eta Erresuma Batuko lehen ministroak ere bai.

Israelgo Defentsa ministroa, Gaza erasotzearekin tematuta

Alde bateko eta bestekoen preso eta bahitu trukearen bezperan, iragan igandean, Israelgo Defentsa ministro Israel Katzek azpimarratu du "gerra" ez dela amaitu. Tematurik jarraitzen du Gaza suntsitzearekin: "Behin bahituak etxera itzulita, Israelen erronka handia izango da Hamasek Gazan dituen tunel eta zoko guztiak suntsitzea; AEBen ikuskapenarekin egingo dugu".