Trump/Vance eta Zelenskyren arteko sesio gogoangarriak, Europan behintzat, erabat isilarazi badu ere, bada beste mundu-parte batean bederen dezenteko harrabotsa harrotu duen burutazioa. Afganistango Bagrameko aire-basea berreskuratu nahiko luke Trumpek, bere lehen kabinete-bileran jakinarazi duenez.
Trump tartean denean, benetakoa eta alegiazkoa bereiztea ez da erraza. Kanada, Groenlandia, Panamako Kanala, Ukrainako mineralak...; orain, Bagram. Zenbat eta urrutiago, orduan eta mugarrituagoak dirudite Etxe Zuriko nagusiaren gurariak. Baina horrek ez du esan nahi gutxiago tematuko denik. Eta testuingurua aintzat hartu behar da.
Afganistango aire-base entzutetsuaren kasuan, hura eraiki izana erreklamatzea horren erraza ez zaiolako edo (sobietarrek eraiki zituzten lehen egiturak, Zahir erregearen garaietan, eta hedatu zuten 1980ko hamarkadako okupazio-aldian; 2001az geroztiko okupatzaile estatubatuarrek osatu egin zuten, Asiako aire-base militar handienetakoa bihurtzeraino), bestelako arrazoibide batzuei heldu die Trumpek: 2021eko abuztuko erretira itsusian han, talibanen esku, utzitako arma-gurkada ikusgarria... eta Txina baseaz jabetzen arituko litzatekeela.
Lehen argudioak, egiazkoa izanik, ez du aurrerabide handirik ematen. Estatu Batuek nahita –eraman ezin zituztelako– utzi zuten bertan egundoko tresneria militarra, Bagramen baino askoz gehiago Kabulen. Ahal zuten neurrian, matxuratu eta hondatuta, gailurik aurreratuenen kasuan behintzat. Baina hura guztia –eta ordura arteko afganistandar armada ofizialaren eskuetan zegoena– gerrako harrapakina dela deritzoten talibanei eskatzea alferrik izango da. Badirudi, gainera, “hondatuta” utzi zen tresneriaren zati bat bederen “berrosatzea” lortu dutela haiek, nola edo hala.
Bigarren arrazoibidea, gaur-gaurkoz egiatasun-itxurarik gabea, askoz bihurriagoa suerta daiteke. Trumpen esanetan, txinatarren kontrolpean legoke jada Bagram. Talibanek biribilki egin diote uko baieztapen horri, eta haiek esandakoa berretsi besterik ez du egin Pekinek. Txinaren kanpo-harremanetako usadio eta estrategien kontrakoa litzateke. Eta Trumpek ez beste inork ez du arrazoitu zer irabaz lezakeen hark Afganistanen aire-base bat beretuz. Batez ere, alboan, Pakistan, betiereko aliatu estua duenean; eta bertan Gwardar-eko portua eta aireportua, berak eraikita.
Bestelako kontua da Washingtonen administrazio berriko norbaiti otutzea 2021eko erretira “konpondu” egin behar litzatekeela... Asia erdi-erdian (“Txinak bonba atomikoak egiten dituen lekutik ordubetera”, Trumpek, guztiz oker, dioen bezala) aire-base erraldoi bat edukitzeko.
Baina, horretarako, gerra, iraganekoak bezalakoa, berrabiarazi beharko litzateke Afganistanen. Eta aurrekoetan ez bezala, ez litzateke ziurtzat eman beharko Txinaren neutraltasuna... bere kontrako egitasmoa litzatekeenean.