BDZko kideak hil honetan Nafarroako eta Eusko Legebiltzarretan izan dira, dagoeneko Estatu Espainiarreko beste administrazioetan adostu duten "adierazpen arduratsua" exijitzeko. Horren bidez, besteak beste, NBEren "zerrenda beltzean" dauden enpresak kontratazio publikoetatik at laga daitezke.
Lehendabizi, BDZ Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak! Palestinako askatasunaren eta justiziaren aldeko mugimenduko kideak Nafarroako Legebiltzarreko Industria Batzordean izan ziren, abenduaren 17an, CAFek Jerusalemen duen proiektuaren inguruko azken gertakariak azaltzeko lan saioan. Ondoren, 18an, Eusko Legebiltzarreko batzorde baliokidean. Bertan, BDZk Nafarroako Gobernuari zein Eusko Jaurlaritzari eskatu zien adierazpen arduratsuaren tresna juridikoa erabiltzea. Adierazi zuten tresna horrek soluzio "solido eta erraza" eskaintzen duela, adibidez, Jerusalemgo tranbiaren eraikuntzan parte hartzeagatik NBEren “zerrenda beltzean” dagoen CAF bezalako enpresekin harremanak mozteko. Erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, lehiaketa publiko batean parte hartu nahi duen edozein enpresak giza eskubideak eta nazioarteko legezkotasuna errespetatzeko konpromisoa hartzen duen adierazpen bat sinatu behar dute.
Besteak beste, dagoeneko Bartzelonako Udalean onartu zuten 2025eko maiatzaren 30ean Prou Complicitat amb Israel eta beste zenbait talde solidarioren iniziatibaz. Berebiziko garrantzia du onartutako testuaren zortzigarren puntuak. Bertan, azaltzen da ezein udal erakundek ezin duela inongo jarduerarik izan nazioarteko erakundeetan "zerrenda beltzetan" jasota datozen enpresekin. Indarrean dagoen arau horrekin, ez Alstom, ez CAF (Solaris autobusekin) ezin ditu kontratatu Bartzelonako Udalak, haren partzuergoek, edo udal-enpresek. Are, xedapen horiek hainbat udal, partzuergo eta parlamentu autonomikotara eraman litezke, Palestinaren okupazioarekin eta kolonizazioarekin irabaziak dituzten enpresak kontratatzeko ezintasuna hedatzeko eta onartzeko.
Batzordeetan hitza hartzean, BDZko kideek salatu dituzte, Nafarroako Gobernuarekin zein Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmenak dituen CAFen gehiegikeriak: "CAFek hiri okupatu batean legez kanpoko kokalekuetan tranbia bat eraikitzen aritzeaz gain, azpiegitura hori kudeatuko du datozen 25 urteetan". Are, Santiago Gonzalez BDZko kideak argazki bat erakutsi zuen talde parlamentarien aurrean, zeinetan ikus zitekeen Netanyahu, CAFen Jerusalemgo proiektuaren koordinatzaileaz lagunduta, aipatu trena inauguratzen.
UPN eta PP aurka
Talde parlamentarioen erantzunei dagokionez, iritzi ezberdinak entzun ahal izan ziren Nafarroako Legebiltzarreko batzordean: EH Bildu eta Zurekin Nafarroa egitasmoaren alde agertu ziren; UPN eta PP berriz, aurka. UPNk adierazi zuen ez litzatekeela gai hori Nafarroako Legebiltzarreko Industria Batzordean aztertu behar, "CAF Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa bat delako, ez Nafarroakoa". PPk, diskurtso diplomatikoagoa erabilita, esan zuen enpresek "erantzukizun sozialarekin eta giza eskubideen arabera" jokatu behar dutela, baina egitasmoa baztertu zuen. Ondoren, Richard Wendling BDZko kideak Nafarroako Legebiltzarrak Bartzelonako adierazpena bere gain hartzea komeni zela adierazi zuen, eta alderdi bakoitzari adierazpen hori Nafarroako egungo kontratazio legeetara egokitzeko aukera aurkeztu zuen.
EAJ, kontraesanen oasian
Eusko Legebiltzarreko batzordean, EH Bilduk eta Sumarrek Bartzelonako adierazpena babesteko legez besteko proposamen baten erregistroan elkarrekin lan egiteko borondatea adierazi zioten BDZri. Hala ere, alderdi horiek ohartarazi zuten zaila dela proposamena onartzea, legebiltzarreko indar politikoen harremanak kontuan hartuta. Horri, BDZk erantzun zion Bartzelonan PSC-PSOEk alkatetza izanda proposamena babestu zutela.
Bere aldetik, CAFen akziodun den Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek, jarrera aldaketa izan du CAFen inguruan: enpresari hausnarketa etiko bat eskatzetik, CAFek gauza guztiak ondo egiten dituela esatera pasatu da. Horrenbestez, legez besteko proposamenarekin, alderdiak beren adierazpenen eta araugintza borondatearen artean erretratatuko lirateke.
Hori horrela, BDZk Eusko Jaurlaritzaren "zinismoa" salatu du. Izan ere, Jaurlaritzak Farcesca Albanese saritu du abendu hasieran: René Cassin Sariaren epaimahaiak NBEko Palestinako Lurralde Okupatuetako Giza Eskubideen Kontalaria saritu du. Ekintza horren kontraesana mahai gainean jarri du BDZk, izan ere, CAF enpresa NBEren datu-basean sartu izanaren erantzule nagusia saritzen duen bitartean, konpainia diru publikoz hornitzen jarraitzen du, akzioen %3ren jabe baita.
CAFi gaia korapilatu zaio
Etika korporatiboan aditua den Santiago Gonzalezek ARGIAri aipatu dio CAFek, "harroputzkeriaz" argudiatzen duela "behar bezala jokatzen duela", "proiektu kolonizatzaile batean" parte hartzen badu ere. Hala ere, azaldu digu "nazioartean geroz eta kontzientzia handiagoa" dagoela enpresa gipuzkoarra egiten ari denaz. "2018 eta 2019 inguruan protestak egiten hasi ginenean, pentsatzen zuten azkar libratu ahal izango zirela gutaz, eta isilduko ginela segituan. Baina presio egiten jarraitu dugu eta CAF egiten ari denaren kontzientziak beste dimentsio bat hartu du". Horren erakusle da Europan zehar dagoeneko lehiaketa publikoetan konpetentzia diren enpresek argudio gisa erabiltzen dutela, CAFek ez bezala, ez dutela gehiegikerietan parte hartzen.