argia.eus
INPRIMATU
Badator iraila
  • Abuztu erdialdera ari gara iristen eta ikasle, irakasle eta guraso asko kezkatuta baina arduraz aritzeko prest gaude ikasturte berriaren hasieran. Hezkuntza Sailetik momentuz isiltasuna da nagusi.

Luis LarraƱaga 2020ko abuztuaren 28a

Sarrera gisa zehaztu behar da irakasleon lana, gure xedea ikasturte bakoitzaren hasieran Oinarrizko Hezkuntza Curriculumean zehazten dela. Curriculumaren ikuspegi orokorra eta ikasleek, derrigorrezko hezkuntza bukatu ondoren, izan behar duten irteera-profil orokorra ere hor zehazten da. Adibidez, ikasten eta pentsatzen ikasteko zehar-konpetentzian bilatzen da ikasleengan pentsamendu kritikoa garatzea eta horretarako, ikasleek informazioa bere kabuz interpretatzen eta ebaluatzen ikasi behar dute. Antzeko norabidean, norbera izaten ikasteko zehar-konpetentzian nork bere erabakiak modu autonomoan hartzea eta nork bere gain hartzea norberaren erabakien eta betebeharren ardura bilatzen da.

Hori kontuan izanik, orain arte hartu diren neurri murriztaileekin eta ulergaitzekin xede hori ez dela indartu argi esan daiteke. Ez dago inolako dudarik Eusko Jaurlaritzatik ezarritako neurri horiei esker autoritateari men egiten ikasten duen ikasle mota indartzen dela eta kanpoko eragileei esker bere jarrera kontrolatzen ikasten duena eta, era berean, motibatzen dena. Autoritate figura faltan egonez gero, ikasle mota horrek ez du bere buruan konfiantzarik izango erabakiak hartzeko eta eraginkortasunez aritzeko, eta ez du asmatuko jarrera kontrolatzen. Jarrera eta ondorioen artean konexioak ikusteko zailtasunak izango dituen ikaslea izango da. Irakaslearekiko dependentzia izango duen eta gaitasun ezarekin konektatuko den ikaslea. Norbere beharrak ulertzeko eta adierazteko zailtasunak dituen ikaslea. Zigorra saihestea helburua duen ikaslea. Horrela hezi nahi ditugu ikasleak edo gure seme-alabak? Eskolako komunitatean teorian eta praktikan ados al gaude zer ikasle mota lortu nahi den? Eta etorkizunean zer gizarte mota eraikiko litzateke horrelako ikasle motarekin?

Paralelismo bat ikusten dut hauteskundeetako itxurazko hitz ponpoxoetan (ongizatea, garapen jasangarria, berdintasuna, auzolana, pertsona helburu…) eta curriculumean irakasleoi eskatzen zaigunaren artean. Alde batetik, denok irakurri edo entzun nahi duguna hedatzen dugu hainbat dokumentuetan (paperak dena jasaten duela jakitun) eta gero, justu kontrakoa egiten da inolako kontrol edo ordainketarik gabe. Garrantzitsuena itxura egitea da eta hori saltzen jakitea. Etenik gabeko kanpaina mediatikoan sartuta bizi gara.

Zalantzarik gabe, gaur egungo gizartean ez da behar obedientzia itsua edo robotikoa pertsona bezala garatzeko. Pentsatzeko eta kritikoak izateko gaitasuna duten pertsonak behar dira, baita lan munduan ere.

Izan ere, Covid-19 pandemiaren aurrean hartu diren neurriekin nola tratatu dira umeak eta gazteak? Duintasunez tratatuak izan dira edo gaizkileak balira bezala? Ume eta gazteen beharrak kontuan hartu dira konfinamendu hain gogorra ezartzerakoan? Berdin arautu da gazte eta helduen aisialdia? Helburu nagusia autoritateari obedientzia izatea eta ezarritako arauak xurgatzea izan da. Horrez gain, eskolak bete duen funtzio nagusia zaintzarena izan da, gurasoek lana egin ahal izateko. Haur eta gazteen garapenaren aurretik jarri da, agintarien aldetik, egoeraren kudeaketaren erosotasuna edo erraztasuna.

Udaran kutsatze mailak gora egin duelako agintariek herritarroi errieta egiten digute “arduragabekeria” leporatuz eta Europako neurri zorrotzenak ezartzen dizkigute nahiz eta kutsatze mailan, neurri hain zorrotzat hartzen ez dituzten herrialdeekin alderatuz, emaitza okerragoak lortu. Kezka ematen du ikasturte berriaren hasieran Hezkuntza Sailetik antzera jokatuko dutela jakiteak.

Esate baterako, antzeko pedagogia erabiltzen da askotan eskoletan. Irakasle batzuek badute joera egoerak eskuetatik ihes egin eta kontrolatu ezinean dabiltzanean gela osoari “sermoi anti-pedagogikoa” botatzeko, errieta egiteko eta neurri zorrotzegiak ezartzeko nahiz eta ikasle gutxi batzuek sortu arazoak. Zigor eta mehatxuen pedagogia da, justu kontzientzia duten pertsona autonomo eta kritikoak lortzeko bide okerrena.

Horrela, ikasleei autoritatea ez kuestionatzen eta aurre ez egiten irakasten zaie, obedientzia itsua izaten. Eta guk, hezitzaileak garen neurrian, ikasle arduratsua lortu nahi dugu. Gertaerak eta ezartzen diren neurriak kuestionatzeko eta, behar bada, aurre egiteko prest dagoen ikaslea. Autoritatearen faltan eraginkortasunez arituko dela sinesten duena, ekiteko gai dena. Baliagarria sentitzen dena nahiz eta besteen gaitzespena jaso. Barneko balio sistema duen ikaslea eta besteen balio eta beharrak kontuan hartzen dakiena. Pentsatzeko gaitasuna duen ikaslea. Norberaren beharrak ulertzeko eta adierazteko gaitasuna duen ikaslea, besteei kalte egin gabe. Konpromisoa hartzen dakien ikaslea eta lankidetzan aritzen dakiena.

Horrenbestez, irakasleok ikasleentzat eredu izan behar baldin bagara auto-estimu mailan gu geu izan behar gara lehenak pertsona arduratsuak eta kritikoak izaten. Has gaitezen iraila baino lehen, bestela berriro eskoletan isilik eta mugitu gabe egoteko gaitasuna nagusituko da.