argia.eus
INPRIMATU
Badator Blai, gazteon telebista
  • 'Gazteraiki' topaketetatik irtendako proiektuetako bat da Blai, gazteon telebista. Lau saio izango ditu: fikzioa, mahai-ingurua, Late Night bat eta bideoklipak. Ekoizpenean lagun dezaketen gazteekin sare bat osatuko dute.

Topatu.eus @topatu_eus 2017ko ekainaren 08a

Gaur egun komunikazioaren esparruan dagoen hutsuneari aurre egiteko sortu da Blai, gazteon telebista. Udazkenetik aurrera izango da gazte guztien pantailetan lau saioko telebista, eta horretarako udan zehar egingo dituzte grabaketak. Parte hartu nahi duen gazte orori hurbiltzeko deia egin diote: izan soinu-teknikariak, kamerak, aktoreak... edo gogotsu dagoen beste edozeini. Azaldu dutenez, ez baitago "ideia zentzugaberik". Harremanetan jartzeko blai.gaztetb@gmail.com helbidera idazteko eskatu dute.

Blai-ren oharra:

2015eko abenduan hasi eta 2016ko abenduan amaitu zen prozesu batetik gatoz, Gazteraiki topaketekin amaiera eman zitzaiona. Gazteak askatuko gaituzten zain egoteari utzi, eta bizitzako esparru guztietan alternatibak sortzeko aitzakiapean sortu zen prozesua. 

Oraina bizi dugu gazteok, eta aurrera eramaten ditugu egunero, tokian toki, hamaika borroka ezberdin. Hauek guztiak, baina, isilaraziak dira helduek kontrolatutako komunikabideetan, ideia zentzugabeak ditugulakoan. Guk, ordea, gazteotaz saltzen duten irudi konformista irauli nahi dugu. Auzolanean sortu eta autogestio bidez kudeatzen ditugu jada zenbait gazte proiektu komunikatibo, gazteriak gertakizunen kontakizun propioa egin dezan ezinbestekoak direnak. 

Kontakizun honi ale bat gehiago gehitzeko asmoz martxan jarriko dugu Blai, gazteon telebista. Lau saio izango ditu Blai telebistak, hilabetean behin emitituko direnak: fikzioa, bideoklipak, mahai-inguruak eta Late Night bat. Eta, horien barruan, gazteok bizitako hamaika ideia, sentimendu ala kolore askotako mila emozio. Geure kontakizun propioa egiteko, ez baitago ideia zentzugaberik. 

Saioen ekoizpenean lagun dezakeen jendearekin sare bat osatu nahi dugu: kamerak, soinu-teknikariak, edizioan trebea den jendea, gidoilariak, aktoreak... Interesa edukiz gero idatzi blai.gaztetb@gmail.com helbidera

Albiste hau Topatuk argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.