2010 eta 2012 urteen artean, babes ofizialeko etxebizitzetan edo Bizigune programa publikoak kudeatutako etxe pribatuetan alokairuan zeuden 435 familia kaleratu ditu Eusko Jaurlaritzak. Kasurik gehienetan, ordaintzeari uztea izan da familia horiek etxegabetzeko arrazoia.
Enplegu eta Gizarte Politikan sailburu Juan Maria Aburtok eman ditu datuok, EH Bilduko legebiltzarkide Marian Beitialarrangoitiak egindako eskaerarei erantzunez. Azken hiru urteotan, etxetik kaleratzeko 858 prozesu abiatu dituzte eta horietatik 435ek egin dute aurrera. Kasuen %70ean, alokairua ez ordaintzea izan da prozesua abiatzeko arrazoia; gainerakoetan, elkarbizitza arazoak, jende gehiegi pilatzea edo gauzak apurtzea egon dira oinarrian, besteak beste.
Zehazki, 2010. urtean 378 prozesu hasi zituzten eta azkenean 79 izan ziren familia kaleratuak; 2011n 274 abiatu eta 127 kaleratu zituzten; eta 2012an, 216 prozesuetatik 153 atera zituzten aurrera.
Etxegabetzeei buruz, Etxetik kaleratuak: Bankuen negoziazio borondatearen menpe erreportajea idatzi genuen ARGIAn.