Koronabirusak eragindako egoerari egokiturik, urriaren 24ko finkatu mobilizazioa moldatzea erabaki du Sarek. Hastapen batean finkaturiko manifestazioa ezeztatu dute.
Euskal presoen alde, Donostiako Kontxako hondartzan 600 pertsona batuko dituen mosaiko sinbolikoa osatuko du Sarek urriaren 24an. Ekimena moldatu behar izan du, "arduratsuki jokatuz" koronabirusak eragindako egoerari egokitzeko. Hori horrela, manifestaziorik ez da izango. Tokian-toki, herritarrei mobilizatzeko deia egin die: "Guztioi dei egiten dizuegu ordea, egun horretan sareen bitartez egingo dugun jarraipenarekin bat egitera eta zuen mezu eta aldarriekin ekimena hauspotzera".
"Arduraz jokatzea dagokigu, baina baita espetxeetan bizi den egoerari dagokionean ere", Sarek argi utzi duenez. Ondokoa irakurri daiteke euskal presoen eskubideen alde dabilen egituraren agirian: "Ezinbestekoa deritzogu salbuespenezko espetxe politika amaitzearen aldarria, hala nola, behingoz konponbide oso eta erreala ematearen eskaria kalean, sarean, hedabideetan presente egotea, eta ez, pandemia honen atzean ezkutuan geratzea, egoera honetan gaiaren larritasuna baretu beharrean areagotu egin baita.
Espainiako Espetxe Erakundeek jakinarazi dutenez Joseba Arregi Erostarbe Martutenera ekarriko dute, eta Garikoitz Garcia Arrieta, Zaballara. Alicia Saez de la Cuesta eta Ugaitz Perez Zorriketa Logroñora eramanen dituzte, eta Iñaki Armendariz Izagirre, Burgosera. Horrez gain, Zaballan dagoen Ibon Etxezarreta presoari hirugarren gradua emanen diote.