argia.eus
INPRIMATU
B hepatitisaren kontrako txertoaren garrantzia azpimarratu du NOPLOIk
  • 2023tik 2024ra erregistratutako kasuak aztertu ditu Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuak. Arreta berezia jartzen dute haurtzaroan, zenbat eta gazteagoa izan, orduan eta errazagoa delako hepatitisa kronifikatzea.

Olaia L. Garaialde 2025eko uztailaren 04a

B hepatitisa munduko gibeleko infekziorik ohikoena da. B hepatitisaren birusak (VHB) sortzen du, eta gibelari eraso eta kalte egiten dio. NOPLOI Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuaren datuen arabera, 2024ko abenduaren 31n, Nafarroan, 1.175 pertsonek zeukaten birusa aktibo. Horien artean, hogeita hamalau diagnostiko berri egin zituzten. 2023ko datuekin alderatuta kopurua “antzekoa” da.

Gaixotasuna akutua –sei hilabete baino gutxiago iraun– edo kronikoa –betiko– izan daiteke. Pertsona gehienen kasuan, sei hilabete baino lehen desagertzen da bere kabuz. Gaixotasun “isila” dela diote, gaixotasuna duten pertsonen %85-90 asintomatikoa delako. Hala ere, afekzio hepatiko zantzuak egon daitezke. Sukarra, ondoez orokorra, goragalea, goitika, abdomeneko mina eta ikterizia dira sintometako batzuk. Asintomatikoa izateak arriskua “handitzen” du, konturatu gabe bisura pertsona  batetik bestera transmititu daitekeelako eta poliki-poliki gibelari eraso egin diezaiokeelako.

Birusa duten jaioberrien kasuan, hamarretik bederatzik B hepatitis kronikoa garatzen du. Bat eta bost urte arteko haurren kasuan, erdiak. Helduen kasuan, hamarretik batek

Ez dago gaixotasunari aurre egiteko tratamendurik, baina NOPLOIren arabera, prebentziorako “oso garrantzitsua” da txikitatik txertatzea. 1990. urtetik, 1980. urtetik aurrera jaiotakoak txertatzen ditu Osasunbideak. Lurralde eta herrialde batzuetan ez da txertorik eskaintzen edo gutxiago txertatzen da; horregatik, gomendatu dute Nafarroara bizitzera doan jendea txertatzea. Izan ere, ikusi dute “oso eraginkorra” dela.

Zenbait mito daude B hepatitisaren inguruan; esate baterako, musu emanez, besarkatuz, edalontzia partekatuz edota bularra ematen transmititu daitekeela. Sinesmen horiek okerrak dira. Odol bidez eta beste gorputz fluxu batzuen bidez transmititzen da birusa. Adibidez, birusa duen norbaitekin xiringak partekatzeagatik, babes neurririk erabili gabe sexu harremanak izateagatik edota material medikua behar bezala ez esterilizatzeagatik.

Erditzean ere transmititu daiteke birusa, baina horretarako haurdun dauden pertsonen kontrola eraman, eta jaioberriak txertatzen dituzte. Arreta berezia jartzen dute haurtzaroan, zenbat eta gazteagoa izan, orduan eta errazagoa delako kronifikatzea. Birusa duten jaioberrien kasuan, hamarretik bederatzik B hepatitis kronikoa garatzen du. Bat eta bost urte arteko haurren kasuan, erdiak. Helduen kasuan hamarretik batek.

Babes neurriak

Ez dago birusaren kontrako tratamendurik, baina kronifikatzen den kasuetan, birusa kontrolatzeko botikak daude. Horrez gain, zenbait neurri hartu daitezke babesteko; esate baterako, xiringak eta orratzak ez partekatzea; preserbatiboak eta beste hesi-metodoak erabiltzea; zauriak estaltzea; depilatzeko edota bizarra kentzeko xaflarik ez partekatzea;  erregularki sexu-transmisio bidezko infekzioak hautemateko probak egitea; eta arriskuzko praktika baten ondoren esposizio osteko profilaxia hartzea.