Gizentasunari aurre egiteko neurriak hartu ditu Munduko Osasun Erakundeak (MOE), azukre kantitate handiak dituzten edariei zerga berezi bat aplikatzea proposatuz. PepsiCo enpresak bere produktuek duten azukre, gantz eta sodio kopuruak gutxituko dituela adierazi du. Coca Colak, aldiz, azken urteetako bidetik jarraituko duela azaldu du.
Azukre kopuru handia duten edarien prezioa igotzea proposatu du Munduko Osasun Erakundeak (MOE). Produktu horiei zerga berezi bat ezartzeko eskatu du. Modu horretan, %20 batean egingo luke prezioak gora. Gizentasunari aurre egiteko neurri bat dela adierazi du erakundeak.
Aldaketarik egingo ez duela esan du Coca Colak. Izan ere, azaldu du urteak daramatzala bere produktuen azukre kopurua txikiagotzen, eta bide horretatik jarraituko duela. Azken hamasei urteetan, ekoizten dituen edarien azukre kantitateak %36 batean egin duela behera adierazi du.
PepsiCo enpresak, bere aldetik, 2025erako produzitzen dituen edarien bi herenek 33 zentilitroko 100 kaloria edo gutxiago edukiko dituztela iragarri du. Aldaketa hori kontsumitzaileen beharretara egokitzeko egingo duela adierazi du. Horrez gain, ekoizten dituen beste produktu batzuen gantz saturatu eta sodio kantitateak ere gutxituko dituela azaldu du. Horietako batzuk dira Lays, Doritos eta Cheetos patatak.
Bi konpainietako edarien kontsumoa murriztu dute bezero askok, azukre kopuru handiak direla eta. Baina Coca Colak eta PepsiCok azken urteetan ekoiztutako dieta edariek ere kezkatu dituzte kontsumitzaileak. Izan ere, horiek izan ditzaketen produktu kimikoengatik arduratuta azaldu dira bezero asko.
Aspartamo gozagarria da horietako bat. Gizentasuna eta diabetesa bezalako osasun arazoekin lotu zuten ikerketa zientifiko batzuk. Hori dela eta, erabiltzeari utziko ziola adierazi zuen PepsiCok. Hala ere, zenbait produktutan oraindik ere erabiltzen du. Coca Colak, bere aldetik, ez zuen hori baliatzeko asmorik azaldu.