argia.eus
INPRIMATU
Azukre gaindosia txikitatik: umeen jogurtek ezkutatzen dutena
  • 921 jogurt eta zenbait esneki aztertu ditu Erresuma Batuko ikerketa batek eta ondorioztatu duenez, “organikoa” etiketa daramaten produktuak dira azukre gehien izaten dutenak. Adierazi dutenez, jogurta produktu osasuntsutzat daukagu, baina azukre kopuru handiak ez dira gorputzarentzat mesedegarriak.

Nahia Ibarzabal @NahiaIbarzabal 2018ko irailaren 19a

Ikerketak, jogurten sailkapena egin du: Naturala, greziarra, zaporeduna eta edatekoa, besteak beste. Guztietan dago azukre kopuru handiegia. Ikertu dituzten produktu guztietatik, soilik %1ak du azukre kopuru baxua eta ez da umeentzat egina.

Bartzelonako Sant Joan de Déu ospitaleko endokrinoa da Marta Ramon eta La Vanguardiari adierazi dio, jogurta osasungarria dela umeentzat zein nagusientzat. “Aitzitik, supermerkatuan aurkitzen direnak ez dira guztiz jogurtak, zaporea emateko azukrez betetako esnekiak baizik. Bereziki umeei zuzenduak”.

Munduko Osasun Erakundearen arabera, gehiegizko pisua eta gizentasuna dira XXI. mendeko osasun arazo larrienak. 2016an, bost urte baino gutxiagoko 41 milioi umek gehiegizko pisua zuten. Haurtzaroko gehiegizko pisuaren ondorioz, diabetesa eta patologia kardiobaskularrak pairatzeko arriskua dago.

Jose Manuel Moreno Espainiako Pediatren Elkarteko kidearen ustez, elikagai-industriak azukre gutxiago erabili behar luke baina kontsumitzaileak ere ardura izan behar luke. Tarragonako Rovira i Virgili unibertsitatean dietetika graduko koordinatzaile den Nancy Babiok gaineratu du, osasuntsu elikatzen den ume bati ez diola azukrea duen esneki batek kalterik egingo, “neurrian dago gakoa”.