Kolektibizazio proiektu bat jarri dute martxan aurtengo ikasturtean Ibaetako campuseko Guneako asanbladako kideek, "beste logika baten baitan harremanak eraikitzen hasteko, elkartasuna ardatz izanik". Hori dela eta, azterketa ereduak partekatzeko dei egin dute.
"Kapitalismoaren mesedetan dagoen hezkuntza eredu honek inposatzen duen lehiakortasunaren aurrean", kolektibizazio proiektu bat jarri zuten abian Guneako asanbladakoek. Elkartasuna ardatz izanik, apunteak partekatzeko proiektuari ekin zioten. Filosofia eta Hezkuntza Zientzietako ikasleak izan ziren ekimenaren bultzatzaileak.
Asmo honen baitan, proiektu berri bat proposatu dute asanbladako kideek. Apunteak ez ezik, azterketa ereduak partekatzeko dei egin dute: "Askotan pentsatuko zenuen ongi etorriko zitzaizula aurreko urteetako azterketa bat eskura izatea; bada, zuk ez baduzu aukerarik izan, erraz iezaiezu lana ondorengoei".
Proposamena sinplea dela adierazi dute: azterketa amaitzean, etxera eraman, argazki bat atera eta korreo elektroniko bidez bidali. Azterketa zein apunte partekatuak, drive plataforman egongo dira erabilgarri.
Albiste hau Topatu.infok argitaratu du eta ARGIAra ekarri dugu CC by-sa lizentzia baliatuta.