argia.eus
INPRIMATU
Azterketa %90ek suspenditu dute eta Zupiriak esan du: “Ertzain izateko ikasi egin behar da”
  • 3.600 pertsona aurkeztu dira ertzain edo udaltzain izateko lan eskaintza publikoko deialdira, eta 2.800 hautagaiek ez dute proba psikosoziala edota atal teorikoa gainditu. Segurtasun sailburuak defendatu egin du Polizia izateko "exijentzia maila".

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko uztailaren 30
Bingen Zupiria Segurtasun sailburua, artxiboko irudi batean. Irekia

Asteartean ezagutarazi zen notizia Polizia sindikatuen bitartez: 650 lanpostu eskaini ditu Jaurlaritzak ertzain edo udaltzain izateko, eta 380 hautagai soilik igaro dira hurrengo fasera, proba teorikoa eta psikoteknikoa gaindituta. Hortaz, amaierara heldu aurretik, dagoeneko 270 lanpostu bete gabe geratu dira.

Suspentsorik gehienak proba psikosozialean izan dira: 3.600 hautagai pasatxotik, hirurehun ingurutik baino ez dute gainditu atal hori, hau da, hamarretik batek baino gutxiagok. Ondorioz, eta deialdiaren oinarrietan jasota dagoen moduan, proba gainditzeko nota igo egin dute. Baina atal teorikoan huts egin dute beste askok, eta ondorioz, proba fisikoen eta elkarrizketa pertsonalen fasera 380 hautagai soilik igaro dira. 

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua elkarrizketatu dute asteazken goizean Euskadi Irratian, eta gaiaz galdetu diote. Zupiriak kargu hartu die hautagaiei: "Ertzain izateko ikasi egin behar da, eta agian batzuek ez dute behar beste ikasi. Kalean ertzain edo udaltzain ibiliko den pertsona batek formakuntzak jasoko ditu, baina gaitasun batzuk behar ditu". Proba psikosozialei buruz galdetuta, agenteek eduki behar duten "exijentzia" nabarmendu du: "Eskatzen diegu berehala erreakzionatzeko, eta erreakzio hori egokia izatea; horretarako, ondo prestatutako pertsonak behar ditugu". 

Polizia sindikatuak kexatu egin dira azken orduotan, aurten eginarazi duten azterketa "oso desberdina" izan delako beste urteetakoarekin alderatuta. Zupiriak, aldiz, hautagaiek egindako hautu okerretan jarri du fokua: batzuek azterketa-eredu bakar baten gainean jardun dute, eta eredu gehiago zeudela bazekiten.