argia.eus
INPRIMATU
Azpikultura misogino bat egon daiteke Torontoko asteleheneko erasoaren atzean
  • Errentan hartutako furgoneta batekin Toronton hamar oinezko hil eta 14 zauritu baino lehenago, erasoa egin zuen Alek Minassianen Facebookean mezu labur bat argitaratu zen, The Guardianek azaldu duenez. “’Incel’ matxinada hasi da. Paretik kenduko ditugu ‘Chad’ eta ‘Stacy’ guztiak”. Mezuak Elliot Rodger-i egin zion erreferentzia, zeinak tiroz 10 pertsona hil eta 14 zauritu baitzituen 2014an Californiako Isla Vistan. Sareetan errotzen ari den “incel” mugimenduak misoginian oinarritutako azpikultura bat ezkutatzen du.

Maddi Txintxurreta @mtxintxurreta 2018ko apirilaren 25
Torontoko erasoaren eguneko argazkia (Arg: The Golbe and Mail)

 Involuntary celibate —nahi gabeko zelibatua— hitzetatik sortutako kontzeptua da “incel”, eta kontzeptua bere egiten duten gehienak gizonezkoak dira. “Sexu harremanak nahi arren izan ezin dituztenek” sortzen dute kolektiboa, eta frustrazio sexual horrek azpikultura misogino bat sortu du sarean, incels.me bezalako atariekin.

Kultura misoginoarekin bat egiten dutenek “Chad” eta “Stacy”-en kontra egiten dute: Chad-ak “sexualki aktiboak” diren gizonezkoak lirateke, eta Stacy-ak, “emakume erakargarriak”.

Ez da terrorismoa?

Hedabide ugarik berehala aipatu dute Torontoko erasoak ez duela zerikusirik terrorismoarekin. Beste kasu batzuetan, aitzitik, erasotzaileen joera ideologikoak aipatzen dira, baina oraingoan gutxik aipatu dute Minassianen misoginia.

Eraso yihadistak aise identifikatu dituzte hedabideek. Furgonetekin egindako erasoei begiratuz, New York, Bartzelona, Londres, Niza, Paris, Berlin eta Stockholm-ekoaren antza izan dezake Torontokoak, baina besteak ez bezala, hau ez dute terrorismoarekin lotu, eta Kanadako Poliziak ez du erasotzailearen arrazoien berri eman.