argia.eus
INPRIMATU
"Azpeitiarrok Barakaldon jaio bagina, zalantzak dauzkat euskaraz ala gaztelaniaz egingo genukeen"
  • Eneritz Albizu Natul Azpeitiko euskara talde sortu berriko kidea elkarrizketatu dugu. Euskal Herriko herri euskaldunenetakoan euskara taldea sortu dute, herritarrek euskararekiko kontzientzia gutxi dutela uste baitute.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2014ko uztailaren 11
Natul euskara taldeak bi egunetan izen-abizenak euskaratzeko 118 eskaera jaso ditu. Argazkia: Uztarria.com.

Zergatik sortu duzue euskara taldea Azpeitian?

Jende askok galdetuko du Azpeitian zergatik sortu euskara elkarte bat. Izan ere, ikusten da egoera onean dagoela euskara, kalean ere euskara erabiltzen da, baina guk ikusten dugu kontzientzia falta dela herritarren aldetik. Euskara erabiltzen dugu eta euskaraz bizi gara hemen, normala hori delako. Deskuido batean Barakaldon edo beste edozein tokitan jaio izan bagina, zalantzak dauzkat nola egingo genukeen, euskaraz ala gaztelaniaz. Ez dugu euskaraz egiten gure hizkuntza dela sentitzen dugulako. Txikitatik horrelaxe eman digute, eskolan, kalean, hori ikasi dugu eta pentsatu gabe egiten dugu.

Gure asmoa jendea aktibatzea, kontzientziatzea da, konturatzea euskara zaindu behar den gauza bat dela. Inoiz ez dakigu belaunaldi batetik bestera zer gertatuko den eta gure hizkuntzari buruz pentsaera garbia ez badaukagu, baliteke galtzea edo behintzat osasuna galtzea.

Gure gorputzarekin gertatzen den bezalaxe da. Gaixo ez bagaude ere, komeni da kirola egitea eta beste, zaintzea. Hizkuntzarekin gauza bera. Osasuntsu dago baina badagokigu hizkuntza zaintzea.

Zein bildu zarete taldean?

Sei gara oraingoz. 40 urtetik beherakoak denak. Uemarekin elkarlanean arnasguneen tailerra egin genuen. Hara gerturatu zen jendearekin-eta hasi ginen pentsatzen zer edo zer egiterik ba ote zegoen.

Jendeak kontzientziarik ez duenaren erakusgarri da tailerra. Hamar bat lagun bildu ginen, 14.000 biztanleko herrian.

Kontzientzia gabeziagatik.

Batek baino gehiagok esan digu ea beharrezkoa iruditzen al zaigun Azpeitian euskara talde bat edukitzea.

Zein motatako lana egiteko asmoa duzue?

Kontzientzia landu nahi dugunez, gure asmoa banaka pertsonak aktibatzea da. Ekimenak antolatu nahi ditugu pertsona orok banaka parte hartzeko aukera izan dezan. Adibidez, izen-abizenak euskaratzea izan da lehenengoa eta hori egin nahi zuen pertsonak berak joan behar zuen informazio puntura.

Oraindik ez dugu ideia oso ondo landu baina adibidez Lanbideko bulegoko ia langile guztiak erdaldunak dira. Pentsatzen ari gara hara joan eta erdaraz egiten badigute norbanakoak esatea “ez, euskalduna etorri zain egongo naiz” edo erreklamazio orria bete. Pertsona bakoitzak konpromisoa har dezala han euskaraz egiteko, euskaraz egiteko eskatzeko, eta ezin badu hala egin kexatzeko.

Taldea estreinatzeko izen-abizenak euskaratzeko ekimena egin duzue. Gustura emaitzarekin?

118 eskaera izan ditugu bi egunetan. Gustura gaude.