argia.eus
INPRIMATU
Azokaroa: sei ekintza kultural Ziburuko 6. azokaren atarian
  • Apirilaren 30etik aurrera Azokaroa-ren lehen printzak sumatuko dira Ipar Euskal Herriko zenbait txokotan. Uxue Alberdi egongo da Hetero liburua aurkezten, Maialen Lujanbiok errezetaldia eskainiko du eta Maddi Sarasuak bere liburuaren aurkezpen musikatua egingo du senide eta lagunekin, besteak beste. Ziburuko azokaren 6. edizioa ekainaren 7an izango da. 

Unai Lomana Uribezubia 2025eko apirilaren 22a
Aurten 43 ekoizle izango dira azokan, iaz 40 izan ziren. Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

ARGIAk eta Baltsan elkarteak elkar ekintzan antolatutako Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azokaren 6. edizioa ekaineko lehen larunbatean izango da, ohi bezala. Martxoan zabaldu zen izen ematea eta, apuntatzeko hilabete bat eman bazuten ere, lehenago itxi da arrakastaren ondorioz. 

118 metro erakusmahai izango dira guztira. 43 argitaletxek, diskoetxek eta autoekoizlek eman dute izena, horietatik 33 liburugintza arlokoak eta hamar musikakoak. Gainera, ekoizle berriak ere izango dira azokan: lau argitaletxe (Euskaltzaleen Biltzarra, Nabarralde, Talaia eta Rolariak) eta bost auto ekoizle edo proiektu (Alabena, Elkor-Karma, Esan Ezin, Madame Birrots eta Sara Zozaya). 

Azokaroa, apirilaren 30ean martxan 

Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azokaren 6. edizioa ekainaren 7an hasiko bada ere, Azokaroa jada apirilaren 30ean abiatuko da eta dozena erdi ekimen antolatu dituzte, denak ere Ipar Euskal Herrian. 

Antolatzaileek hiru oinarritan laburbildu dituzte haien helburuak. Lehenik, Ziburuko Azokari hedadura gehiago eman nahi izan diote, plazaren eta egun bakarraren "mugak" gaindituz, baina bere neurrira egokituz, "hurbiltasuna" eta "gozotasuna" zainduta; bigarrenik, auzo eta herriek azokari eskaintzen dioten giroa itzultzea, "azoka inguruko animazio edo ekitaldiak herri hauetara ekarriz"; hirugarrenik, ARGIAk dioen bezala, txikitik eraginez, "auzo eta herrietan euskaraz bizitzen ari diren talde edo elkarteekin sareak sortu eta elkar lanean aritzea eskualde mailan". 

Azokaroa apirilaren 30ean abiatuko da ekaineko lehen larunbatera arte, eta denbora tarte horretan dozena bat emanaldi antolatu dituzte. Uxue Alberdik Hetero liburuaren aurkezpenari helduko dio apirilaren 30ean, eta Maialen Lujanbioren errezitaldi poetiko-bertso-performatiboak emango dio jarraipena Maiatzak 7an.

Horiez gain, beste zenbait errezitaldi musikatu, liburu aurkezpen edo mahai inguru izango dira: Maddi Sarasuak Biharraren hegietan liburua aurkeztuko du, musikatuta, senide eta lagunekin, maiatzaren 16an; Euskaraz sortu (duin) bizi? mahai ingurua Ximun Fuchs eta Amagoia Gurrutxagaren eskutik maiatzaren 19ko astean ARGIA astekarian eta Euskal Irratietan; Mikel Epalzaren Gizatasun arrantzale liburuaren aurkezpena maiatzaren 23an; eta Ekaitz Bergarretxeren Masusta erreximenta liburuaren aurkezpena maiatzaren 28an. 

Azokaroan zehar egingo diren kultur eskaintzak.