argia.eus
INPRIMATU
Azkoitiko Larke enpresak hondakinak kudeatzen hasteko bi baimen falta ditu
  • Azkoitiko Larke 360 SL enpresak herrian hondakinak kudeatzeko duen proiektuari Eusko Jaurlaritzak eman diona ingurumen-inpaktuaren txostena da, ez da Ingurumen Baimen Bateratua. Beraz, Larke enpresak beste bi baimen behar ditu jarduera martxan jarri ahal izateko: Eusko Jaurlaritzak eman beharreko hondakinak kudeatzeko baimena eta Azkoitiko Udalak eman beharreko jarduera baimena.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2020ko apirilaren 11
Argazkia: Maxixatzen.eus hedabidea.

Ingurumen-inpaktua EAEko apirilaren 6ko buletin ofizialean argitaratu da, ebazpen modura eta ebazpenak zera dio jarduerari buruz: "Ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik sortzea. Horrenbestez, ez da beharrezkoa ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea". Beraz, pentsa liteke jarduera martxan jartzeko ez diotela "kutsatzeko ahalmen handia izan dezaketen instalazioei aplikatzen" zaien Ingurumen Baimen Bateratua (IBB) eskatuko.

Ordea, uztailaren 1eko 16/2002 legearen arabera, kuestionagarria da dimentsio hauetako proiektu batek ez ote duen beharrezko IBB. Izan ere, urtean 183.390 tona hondakin kudeatzeko gaitasuna izatea eskatu du (aipatutako legearen I. eranskinean daude derrigor IBB behar duten jarduerak eta bolumenak).

Baimenak baimen, garrantzitsua da jakitea nori dagokion kontrolatzea jarduera egoki egiten dela eta kutsadurarik ez duela sortzen. IBB Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen sailak ematen du, eta IBB duten jardueretan kutsaduraren kontrola Ingurumen sailaren esku geratzen da. Hau ez denez proiektu honek oraingoz daraman bidea, ikus dezagun zein prozedura jarraitu beharko dituen orain, eta ingurumena zaintzeko kontrolak nork egin beharko dizkion.

Zein baimen behar ditu Azkoitiko proiektuak martxan jartzeko?

Azkoitian hondakinak kudeatzeko planta martxan jartzeko Larke 360 SL enpresak hondakin kudeatzailearen baimena beharko du, batetik. Baimen hau Jaurlaritzaren Ingurumen sailak ematen du eta aipatu dugun ebazpenean azaltzen denez, enpresak dagoeneko baimen hori eskatua dauka.

Bestetik, Azkoitiko udalak jarduera baimena eman behar dio. Horretarako, udalaren arau subsidiarioek onartu behar dute leku horretan jarduera mota hori egin ahal izatea. Gainera, Gipuzkoako Buletin Ofizialean argitaratu behar da enpresak udalari egindako jarduera baimenaren eskaera, hau da, jendeaurrean publiko egin behar da eta alegazioetarako epea zabaldu. Oraingoz ez da horrelakorik argitaratu Buletin Ofizialean.

Udalak jarduera baimena emanez gero, udalaren ardura izango da jarduera honen kontrola egitea, ingurumenean izan ditzakeen ondorioak saihesteko.