argia.eus
INPRIMATU
Azkenean bigarren bozketan lortu du Merzek Alemaniako kantziler izateko gehiengoa
  • Lehen bozketako ezustearen ostean, CDUko buruak Alemaniako parlamentuko 325 diputaturen babesa jaso du bigarren bozketan, gehiengoa osatzeko behar dena –316 aulki– baino bederatzi gehiago. Bosgarrenez gobernatuko dute elkarrekin CDU-CSU eta SPD alderdiek "Koalizio Handian", eta gobernu berria hamazazpi ministrok osatuko dute: hamar kontserbadorek eta zazpi sozialdemokratak. Lehen bozketako porrota Alemania murgilduta dagoen testuinguru politiko nahiz ekonomiko ezegonkorraren adierazle da.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko maiatzaren 07a
Frank-Walter Steinmeier Alemaniako presidenteak Friedrich Merz kantziler izendatu zuen unea, astearte arratsaldean. Annegret Hilse / Reuters

Lehen bozketako ezustearen ostean, azkenean lortu du Friedrich Merz CDU Batasun Kristau-Demokratako buruak Alemaniako kantziler izateko gehiengo osoa Bundestagan: astearte arratsaldean egin zen bigarren bozketan 325 diputaturen babesa jaso zuen, gehiengoa osatzeko behar dena –316 aulki– baino bederatzi gehiago. Goizeko lehen bozketan gehiengoa osatzetik aldeko sei bototara geratu zen; Alemania errepublika federala denetik kantzilergai bat lehen bozketan aukeratzen ez den lehen aldia izan da.

Lehen bozketan itxura zuen Merzek Alemaniako kantziler izateko nahikoa babes lortuko zuela Bundestagan, CDU-CSUren eta SPD alderdi sozialdemokrataren arteko koalizioak 328 aulkitu baititu. Bozketa horretan, ordea, kontserbadoreen buruak 310 diputaturen babesa jaso zuen, eta beste 307k haren aurka bozkatu zuten. Phoenix telebista kateak jakinarazi zuen parlamentari kontserbadore eta sozialdemokrata guztiak zeudela Alemaniako parlamentuan lehen bozketa egin zenean. Hortaz, gutxienez bost diputatuk ez zuten bozkatu Merzen alde, baina bozkaketa sekretua denez, ezin da jakin nork.

Alemaniako hainbat hedabidek argitaratu zutenaren kontrara, Merz ez zen beldur izan bozketa berriz egiteko astearte arratsaldean, horretarako parlamentuaren bi herenen oniritzia jasota –soilik AfD Alemaniarentzako Alternatiba eskuin muturreko alderdiko diputatuak agertu ziren kontra–. Bigarren boz horietan Bundestageko 325 parlamentarik egin zuten Merzen alde, eta 289k kontra. Horrela, Frank-Walter Steinmeier presidenteak izendatu zuen Merz Alemaniako kantziler. 1949az geroztik, bosgarrenez gobernatuko dute elkarrekin CDU-CSU eta SPD alderdiek "Koalizio Handian", eta gobernu berria hamazazpi ministrok osatuko dute: hamar kontserbadorek eta zazpi sozialdemokratak. 

Alemaniako testuinguruaren adierazle

Alemania testuinguru politiko nahiz ekonomiko ezegonkorrean murgilduta dago azken hilabeteetan, eta horren adierazle izan ziren otsailaren 23an egin zituzten presidentetzarako bozak: CDU garaile irten bazen ere 208 eserleku lortuta, SPDk inoizko emaitzarik txarrenak lortu zituen –120 diputatu–, hirugarren indarra izanda. AfD Alemaniarentzako Alternatiba eskuin muturreko alderdiak azken urteetan izaten ari den gorakada berretsi zuen, eta bigarren indar gisa kokatu zen 152 aulki eskuratuta.

Hain zuzen ere, alderdi horretako buru Alice Weidelek goizeko bozketaren ostean adierazi zuen CDU-CSU eta SPDren arteko koalizioa "ahula" dela, eta Merzi exijitu zion hauteskundeak berriro egin daitezela. Alderdi bereko presidentekide Tino Chrupallak, berriz, bigarren bozketaren ostean hedabideei adierazi zien "argi" geratu zela "zenbat balio duen" Alemaniako gobernu koalizio berriak.