Guatemala izan zen munduko lehen herrialdea Israelgo Estatua sortzearen aldeko botoa ematen, horrela diote garai hartako kronikek. 1947tik hona, jende askoren iruditeri kolektiboan Guatemala izan zen estatu sionistaren lehen harria jarri zuen lehen estatua.
Ordutik 80 urtera, gauzak ez dira larregi aldatu. Mendebaldeak ia bi urte eman ditu Gazako genozidioari bizkarra ematen, aitzakia bat bestearen atzetik eusten; edo, beste barik, gaiaren inguruan berba egitea saihesten. Baina bi urteko sarraskiaren ondoren, badirudi haizeak zakartzen hasi direla, Mendebaldeari postura aldarazi diotela. Bisaia ekialderantz mugitu diotela, alboz bada ere; edo hori ikusarazi nahi du, behintzat, Mendebaldeak.
Zenbait analistak ohartarazi dute hastear den lasterketaz. Caitlin Johnston-en hitzak jaso zituen ARGIAko artikulu batek, eta bertan zioen Israelen aldeko zenbait nazioarteko hedabide hasiak direla jada genozidioa salatzen duten editorialak plazaratzen. Orain gobernuen ordua da. ARGIAren 2930. zenbakiko analisian, Zigor Olabarriak gogorarazi zuen Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak “gogoeta etikoa” eskatu diola CAFi, Jerusalemgo tranbiaren proiektua dela eta. Pradalesen alderdikide zenbaitek ere bide bera hartu dute eta ahots lotsati bat plazaratu dute Israel Gazan egiten ari den dena delakoaren aurka: genozidioa dela ere esan du agintariren batek. Hor dago Juan Mari Aburto, Israelgo enbaxadako burua Bilbon ematekoa zen hitzaldia bertan behera uzteko eskatzen, eta udaleko logoa ez erabiltzeko esaten; Arabako Foru Aldundiko diputatu nagusi Ramiro Gonzalezek ere publikoki jarri du zalantzan Israelek nazioarteko kirol lehiaketetan parte hartu ahal izatea.
Hitz eta adierazpen lotsatiak, hor ez dago zalantzarik. Baina adierazpenon edukia baino publikoki Israelen aurkako iritzia plazaratzea da deigarri, nork eta Israel historikoki zuritu duen Mendebaldea deritzon erakunde honek. Eta, hain zuzen ere, publikoki plazaratze hori ez ote den adierazpenen arrazoia. Alegia, historia liburuek jaso dezatela erakunde horiek eskua altxatu zutela oraindik Israelen aurkako ahotsak horren orokorrak ez zirenean.
Inork ez du nahi bere izena azken agertzea genozidioaren kondenako zerrendan. Inork ez du nahi bere izenari lotsaren izartxo hori gehitzea betirako. Inork ez du nahi izan Guatemala, eta harlauza pisutsu hori eraman lepo gainean. Inork ez, AEBek salbu. Ohar bat: 1947ko hartan, Guatemala bigarren estatua izan zen Israelen aldeko botoa ematen, lehena AEBak izan ziren. Eta orain ere, azken izateko bidean doaz.